AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Noticias de Navarra
2023/04/17 13:32

Aurreko asteburuan jakinarazi zuten 38 eta 41 urteko bi gizonezko atxilotu dituztela Nafarroan, pertsona migratzaileen lan-esplotaziorako sare bati lotuta. Gutxienez sei lagun esplotatu dituzte Vianan (Nafarroa), baina badirudi gehiago direla biktimak Errioxan, Badajozen eta beste leku batzuetan. Ez dute informazio zehatzagorik eman oraingoz.

Hainbat iturriren arabera, esplotazio sareak sei lagun behartu ditu Vianan, lursail batean, baldintza negargarrietan lan egitera. Horietako hiru karabana batean bizi izan dira, argindarrik, urik edota komunik gabe. Esplotatzaileek ez zieten uzten handik irteten, osasun-arreta jasotzeko ere ez; langileei iruzur egin eta ulertzera ematen zieten ezin zirela handik atera, egoera irregularrean zeudelako. Gainera, kamera bidez zelatatzen zituzten beharginak.

Antza, Espainiako Estatuan bizitzeko eta lan egiteko baimen ofizialik ez dute langile horiek, eta horretaz baliatzen zen esplotazio-sarea, baldintza miserableetan lan egitera behartzeko. Badajozen hasi zen sarea atzemateko ikerketa, paleten birziklapenerako enpresa baten berri izan zenean; dirudienez baldintza negargarriak inposatzen zizkieten langile migratzaileei, euren egoera zaurgarriaz baliatuta. 20 eta 54 urte arteko gizon nahiz emakumeak esplotatu eta harrapatu dituzte aipatutako esplotazio-sarearen bidez.

Esplotatzaileek ez daukate euren enplegatuen jardunari buruzko inolako agiririk edo erregistrorik, beltzean aritu baitira erabat. Internet bidez jarri izan dira harremanetan enplegatzaileak eta langileak. Hasieratik aritu dira Gizarte Segurantzan alta eman gabe eta lan-kontraturik gabe, bai eta lan-prestakuntzarik eta babes ekipamendurik gabe ere, lanean tresna arriskutsuak erabili arren. Zehaztasunik jakinarazi ez badute ere, beharginek soldata miserableak jaso dituztela ere jakinarazi dute zenbait iturrik. Hainbat egunetan ez kobratzea ere ohikoa izan dela azaldu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK