AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/08/26 21:45

Osasun-sare publikoko baliabide faltak beste pertsona baten heriotza eragin du berriki Euskal Herrian. Aurreko ostegun gauean, pertsona batek galdu zuen bizia Laudion (Araba), bihotz-gelditze bat izan eta anbulantzia medikalizatua 20 minutu baino gehiagoz itxaron ondoren.

Laudioko Arreta Intentsiboko Unitate (UVI, gaztelerazko sigletan) mugikorrean ez zegoen espezializatutako medikurik une horretan. Ondorioz, berandu artatu zuten bere etxean bihotz-gelditze bat jasan zuen pazientea. Bilbotik (Bizkaia) bidali behar izan zuten anbulantzia medikalizatu bat, baina beranduegi heldu zen: hil egin zen gizonezkoa.

Gau berdinean, beste pertsona batek ere pairatu zuen mediku falta Laudion. Bihotzeko batek jota bertaratu zen Laudioko Etengabeko Arreta Gunera (PAC, gaztelerazko sigletan), baina ezin izan zuten ezer egin bertan: beranduago artatu zuen Bilboko anbulantzia medikalizatuak.

Urrutiegi joan gabe, iragan urtarrilean ere eragin zuen beste heriotza bat mediku faltak, Laudion bertan. Bihotzeko bat jasan zuen pertsona batek eta bertako osasun-zentrora jo zuen, baina bertan ez zegoen medikurik, eta ezin izan zuten behar bezala artatu. Larrialdietako anbulantzia bat hurbildu zen, baina bizia galdu zuen pazienteak.

Larrialdietan, larri

Azken hilabeteetan, larrialdietako osasun-langileek eta herritarrek hamaika aldiz salatu dute mediku eta bestelako baliabide falta. Ohikoa bilakatu da hainbat eta hainbat herritako osasun-zentroetan erabat prekarioak eta kasu batzuetan ezdeusak izatea larrialdietako baliabideak, jendea modu egokian artatu ahal izateko.

Laudion bertan, esaterako, abuztuan eta irailean 24 izango dira bete gabe geratuko diren mediku txandak, Aiaraldea atariak jakinarazi duenez. Dena den, osasun-sare publikoko askotariko zerbitzuetan salatu dute mediku eta orotariko baliabide falta, herri ugaritan. EAEn, uda hasi aurretik salatu zituzten osasun-etxeetako murrizketak eta langile falta lekuan leku: 72 zentrotako ordutegiak murriztu, 44 zentro egun batzuetan itxi eta hamar guztiz zarratuko zituztela azaldu zuten.


Irakurri hemen Asier Muñoz anbulantzietako langileari GEDAR LANGILE KAZETAk egindako elkarrizketa

EZ DAGO IRUZKINIK