AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Ecuador Etxea
2025/08/28 10:00

Datorren astelehenean, irailaren 1ean, astero-astero egiten dituzten mobilizazioekin hasiko dira berriz pentsiodunak, zazpigarren urtez. Aurreko ikasturtean, pentsioak hobetzeko herri-ekimen legegile bat martxan jar dezatela eskatu zuen EAEn Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM), eta hori lortzeko pausoekin jarraitzea da orain markatu duen helburu nagusietako bat.

Herri-ekimen legegile horren bidez, pentsio minimoa Espainiako Estatuan markatutako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (SMI, gazteleraz) parekoa izan dadila lortu nahi du EHPMk; alegia, hilean 1.184 eurokoa une honetan, urtean hamalau ordainsaritan. Ekimenaren aldeko 145.142 sinadura bildu zituzten guztira aurreko ikasturtean, eta Eusko Legebiltzarrean entregatu zituzten maiatzean, Gasteizen (Araba).

EHPMk azaldu du Eusko Jaurlaritzak ezin duela "alde batera utzi pentsiodunen gehiengoak pobreziaren atalasearen azpitik dauden pentsioekin bizirauten" dutela, horietatik asko, emakumeak. Uztailaren 17an bildu ziren Imanol Pradales lehendakariarekin (EAJ), Mikel Torres lehendakariordearekin (PSE-EE) eta Mikel Iriondo Koordinaziorako eta Proiektu Estrategikoetarako idazkariarekin, baina ez zuten inolako konpromiso zehatzik hartu pentsioak hobetzeko. Legez, irailaren 8an bukatuko da gobernuak herri-ekimenaren inguruan jarreraren bat hartzeko epea.

EZ DAGO IRUZKINIK