AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / NPR
2025/01/27 14:01

Aurreko larunbatetik, milaka palestinar itzultzen ari dira Gazako iparraldera Netzarim korridorea zeharkatuz, Israelgo Estatuko indarren baimena jaso ondoren. Okupazio-armadak jakinarazi zuen palestinarrak oinez itzul zitezkeela euren lurretara al-Rashid bidetik, larunbateko 07:00etatik aurrera. Ibilgailuak dituztenei, berriz, Salah al-Din bidea erabiltzeko baimena eman zien, 09:00etatik aurrera. Erabaki horrek irudi historikoak utzi ditu, etxera itzultzen ari diren palestinarren zutabe jendetsuekin. Qatarrek Hamasekin egindako azken akordioaren berri ematean gertatu zen hori, beste hiru preso sionista aske uzteko konpromisoa hartu baitu palestinar taldeak, agintari sionistek su-etenaren akordioaren barruan nahitaezkotzat jotzen zuten emakume gatibu bat barne.

Gainera, palestinarrak Gazako iparraldera itzultzea bat dator Israelgo Estatuaren eta Hezbollahren arteko su-etena luzatzeko itun batekin, zeina otsailaren 18ra arte luzatu den. 2023ko urritik, gutxienez 47.306 palestinar erail eta 111.483 larri zauritu ditu Israelgo Estatu terroristak. Sarraskia izugarria izaten ari den arren, palestinar batzuek Al Jazeera-ri adierazi diote Garaipenaren Eguna izan zela aurreko larunbata. Gaineratu dute, ilusioz, "adreiluz adreilu" berreraikiko dituztela euren etxeak, inguruak erabat suntsituta geratu diren arren, sionisten erasoen ondorioz.

Errefuxiatuen itzulera sufrimendu handiko une batean iritsi da Gazako palestinarrentzat, Israelgo Estatuaren azken erasoaldi masiboa hasi zenetik, aurrekaririk ez duen suntsipen orokor bati eta krisi humanitario latz bati aurre egin behar izan baitiete. Mundu osoko hainbat ahots palestinarrek aldarrikatzen dute "egunen batean Palestina osora itzuliko" direla.

EZ DAGO IRUZKINIK