AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Pablo Haselen askatasuna exijitzeko elkarretaratzea, Zumaian.
2023/07/25 09:41

2021eko otsailean espetxeratu zuten Pablo Hasel rap abeslaria. Espainiako Estatuko auzitegiek hainbat akusazio egin izan dituzte bere kontra: kartzelaratu aurretik, eta bere abestietako letrak zirela-eta, "terrorismoari gorazarre egitea" eta "Koroa iraintzea" leporatu zioten, baita 2018an autoriteari eraso egitea eta lokal batera "indarrez sartzea" ere. Preso sartu ostean ere epaitu zuten Hasel: 2021ean, unibertsitatean egindako itxialdian kazetari bati eraso egitea egotzi zioten, eta 2022an, Lleidako protesta batzuei lotuta epaitu zuten, "istiluak eragitea" eta mossoei erasotzea leporatuta.

Duela gutxi jakinarazi dute auzitegiek zer zigor jarri dioten artistari: "sei urte eta bi hilabete, adierazpen askatasunerako eta aktibismo politikorako bere eskubidea gauzatzeagatik", Ponenteko Plataforma Antierrepresiboak seinalatu duenez. Bi urtetik gora daramatza preso jada, baina sententzia bete arte mantenduko dute espetxean; alegia, 2027ko apirilera arte. "Eta hori, adierazpen askatasunerako eskubidea gauzatzeagatik [Haselen aurkako] kausak irekitzen jarraitzen ez badute; antifaxistentzat hain zigortuta dagoen eskubide hori", gaineratu du errepresioaren kontrako plataformak.

Kaos En La Red atariaren arabera, Espainiako Estatuan 150 artista, abeslari, kazetari, politikari, twittari eta abar zigortu dituzte guztira, iritzi-delituengatik. Zigor Kodean jasota dauden delituetako batzuk dira "Koroa iraintzea", "terrorismoa goratzea" edota "erlijio-sentimenduak iraintzea".

Hitzemate faltsuak

Ponenteko Plataforma Antierrepresiboak gogoan izan du, gainera, PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak Hasel espetxeratu ostean egindako promesa: "Hitz eman zuen indargabetu egingo zituela iritzi-delitu guztiak, egoera baretzeko eta gure eskubideen eta askatasunen kontrako halako aberrazio baten aurrean [Haselen atxilotzea] borroka egitera kalera atera ziren guztiak desmobilizatzeko asmo bakarrarekin".

"Nola ausartzen dira 'demokraziaz' eta 'hauteskunde askeez' hitz egitera, Europako aurreneko raperoa espetxeratu zuten, kartzeletan ehunka preso politiko dituzten eta euren erasoetatik babesteagatik langile klasea egunez egun erreprimitzen jarraitzen duten horiek?", galdegin du plataformak. "Euren instituzioetatik kanpo antolatu behar da, behingoz, gure eskubide eta askatasun demokratikoak konkistatzeko", gehitu du.

Osasun-arreta ere zalantzan

Urte honen hasieran, Haselek salatu zuen gaixotu egin zela Ponenteko espetxeko osasun-baldintza negargarriengatik, eta osasun-arreta egokia ukatu diotela hainbat hilabetez. Kolonoskopia proba bat egin behar ziotenean, esaterako, abeslaria umiliatzen saiatu ziren polizia-agenteak: ez zioten uzten proba intimitatean egiten, eta eskuburdinekin lotuta mantendu nahi zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK