AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/08 14:36

Martxa hartu du jada Bilboko (Bizkaia) Aresti Zentro Sozialistak. Bilboko Kontseilu Sozialistak joan den urtarrilaren 28an eman zuen Zentro Sozialistaren irekieraren berri, eta oraintsu argitaratu du hilabete honetarako prestatutako egitaraua. Askotariko hitzorduak jarri dituzte Arestin, garrantzitsuena, otsailaren 22koa: egun horretan, 18:00etan hasita, ate irekien jardunaldi bat izango da, zentroa ezagutu nahi duen ororentzat zabalik egongo dena.

Horretaz gain, aurretik ere jakinarazi duten bezala, soldatapeko lanari eta etxebizitzari lotutako aholkularitza nahiz babesa emateko erabiliko dute zentroa; zehazki, Bilboko Laneko Autodefentsa Sarearen eta Etxebizitza Sindikatuaren eskutik. LASek hilaren 23an zabalduko du aholkularitza bulegoa hurrengo aldiz, 18:00etatik 20:00etara bitartean. Etxebizitza Sindikatuak, berriz, hilaren 20an eskainiko du berriz aholkularitza, ordu berdinean. Horretaz gain, arropa bilketa bat eta Elkartasun Guneko informazio-asanblada bat antolatu ditu sindikatuak; otsailaren 14rako eta 18rako, hain zuzen ere.

Oinarrizko produktuen biltegia indartzen ere jarraituko dute Zentro Sozialistan. Beharra edo interesa dutenek, 9an eta 23an izango dute bertaratzeko aukera, harremanetan jarri ahal izateko; 18:00etatik 20:00etara bitartean izango dira harrera-saioak. Bestalde, hilaren 17an, oinarrizko produktuak biltzeko postu bat jarriko dute Eroski denda baten ondoan; Madariaga etorbideko 12. zenbakian, hain zuzen ere. 10:30etik 14:30era bitartean jasoko dituzte biltegia hornitzeko produktuak.

Ikasle Abertzaleak antolakundearen ekimenez, bestalde, abian da jada ikasleentzako ikasketa-gela. Astero egongo da zabalik; astelehenetan, astearteetan eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Gainera, indarkeria matxistari aurre egiteko sortu duen proposamen politikoa aurkeztuko du Arestin Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, indarkeria matxistari aurre egiteko Deustu-Saniko asanbladaren eskutik. Gaur izango da aurkezpena, 19:00etan.

Eta ez hori bakarrik: euskal dantza tailerrak ere izango dira laster Zentro Sozialistan. Sigi Saga taldeak martxoaren 1ean eskainiko du aurreneko eskola, 18:00etan.

EZ DAGO IRUZKINIK