AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Twitterretik hartutakoa
2024/01/29 09:04

Berri pozgarria izan zen atzo Bilbon (Bizkaia): Zentro Sozialista berri bat ireki dute bertan, Aresti izenekoa. Deustu auzoan birjabetu dute espazioa, Jon Arrospide kalean. Bilboko Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, "jabetza ugari dituen enpresa handi batek hainbat urtez hutsik eta erabilerarik gabe izan du" tokia, eta bertan zabaldu dute Zentro Sozialista berria, bi helburu nagusirekin: "proletalgoaren antolakuntza independentea sustatzea eta bizi-baldintzen okertzeari aurre egiteko gaitasunak metatzea".

Zentroa irekitzearekin batera, hainbat proiektu jarri dituzte martxan bertan: oinarrizko produktuen biltegia, ikasketa-gela eta soldatapeko lanari zein etxebizitzari buruzko aholkularitza juridikoa emateko bulegoak, Bilboko Laneko Autodefentsa Sarearen eta Etxebizitza Sindikatuaren eskutik. Gainera, Kontseilu Sozialistako kideek diote asmoa dela Zentro Sozialista "elkargune bat" izatea; "antolakuntza-gaitasunak irabazteko, formakuntza politikoa sustatzeko, aisialdirako aukera eskaintzeko eta kultura sozialista garatzeko".

Laster izango da espazioa jendaurrean aurkezteko saio bat, eta aurreratu dute hainbat ekimen ere antolatuko dituztela aurki. Hitzorduen berri emango dute sare sozialen bidez.

Langileon beharren zerbitzura

"Kapitalismoa krisi betean dago, langile-klasearen bizi-baldintzak etengabe okertzen ari dira, eta egungo ordena sozialari aurre egiteko edozein hautu debekatu eta zigortzen da", seinalatu du Bilboko Kontseilu Sozialistak, Aresti Zentro Sozialistaren berri ematean: "Bitartean, enpresariek eta jabedunek langile-klase osoaren lanaren kontura jabetzak eta aberastasuna metatzen dituzte. Eta erabilerarik gabe mantentzen dituzte erabilgarriak diren espazioak, irabazi eta errentagarritasun handiagoen bila".

Horri guztiari aurre egin ahal izateko, Kontseilu Sozialistako kideek beharrezkotzat jo dute "proletalgoa klase gisa independenteki antolatzea, hau da, esparru guztietan botere eta bitarteko propioak garatzea", helburu argi batekin: "aberastasunaren ekoizpena gutxi batzuen irabazi pribatuak gidatzen duen gizartetik, gizadi osoaren ongizatea bermatzeak gidatuko duen jendarte sozialista bat eraikitzera igarotzea".

Horregatik nabarmendu dute funtsezkoa dela "jardun politikoa garatzeko aukera ematen duten espazioak eskuratzea, egokitzea eta langileon interesen zerbitzura jartzea". "Bide horretan egin nahi dugu ekarpena Zentro Sozialista berriaren bitartez", gaineratu dute.

Urkila, 2022an hustua

Bilbok aurretik ere izan zuen Zentro Sozialista bat, Errekalde auzoan, Urkila izenekoa. 2022ko apirilean zabaldu zituzten espazio berriko ateak, "proletalgoaren autodefentsa tresnak indartzeko, antolakuntza-gaitasunak irabazteko, formakuntza politikoa sustatzeko eta kultura sozialista garatzeko", orduan ere. Urte horretako uztailean hustu zuen Zentro Sozialista Ertzaintzak, desalojoari buruzko aldez aurreko jakinarazpenik izan gabe.

EZ DAGO IRUZKINIK