AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/12/04 12:23

Martxan da Arabako Ostalaritzako Hitzarmen berriari buruzko negoziazioa, eta, horren harira, sindikatuek greba deialdi bat egin dute sektorean: atzorako eta biharko antolatu dituzte lanuzteak. Denera, 9.000 behargin inguru daude grebara deituta, ostalaritzako lan-baldintzen defentsan. Ohartarazi dute, besteak beste, langileek bost urte daramatzatela soldatak eguneratu gabe.

Gasteizen (Araba), euren kabuz antolatu dira sektoreko hainbat langile, eta atzo iluntzean mobilizatu ziren Alde Zaharrean, beren aldarri propioak kalera ateratzeko. Kalejira bat egin zuten, Sin organización, barra libre a la explotación lelopean. 20:00etan irten zen martxa Halabediko kantoitik, Gasteizko Kontseilu Sozialistak aurrez jakinarazi zuen modura.

Antolatu diren langileen esanetan, sektoreko enpresariek "are gehiago sakondu nahi dute gure prekaritatean, beren irabaziei eusteko". "Ez zaie nahikoa egungo hitzarmena sistematikoki eta ia salbuespenik gabe ez betetzearekin", gaitzetsi dute: "Horrez gain, osasunerako dugun eskubideari ere eraso nahi diote, soldataren %100 lehen baja-egunetik ordaintzeari uztea proposatuz". Modu horretan, gaixorik dauden langileak behartu nahi dituzte lanean segitzera.

Soldatak izoztuta eta errepresioa

Langileek salatu dute ostalaritzako nagusiek urteak daramatzatela "beren burua biktima gisa azaltzen", pandemia edota inflazioa aitzakiatzat hartuta. "Baina ez al gara langile-klasea krisiaren ondorioak gehien pairatzen ditugunak?", galdegin dute. Izan ere, iritzi diote "sektorean lan egin duen edonork" dakiela "ostalari horietako askok tabernak, pisuak eta lonjak pilatzen dituztela, gure soldatek ia bost urte izoztuta daramatzaten bitartean".

Gainera, sektoreko lan-jazarpena eta errepresioa ekarri dituzte gogora: "Gure eskubideak aldarrikatzen baditugu, [nagusiek] ez dute zalantzarik izango gu kaleratzeko edota guk geuk gure kabuz lana utzi arte presioa egiteko, gu kontrolatzeko kamerak edota enkargatuak langileok zatitzeko eta isolatzeko erabiltzen dituzten bezalaxe".

Mobilizatzeko beharra

"Mobilizatzeko arrazoiak soberan ditugu, eta uste dugu testuingurua egokia dela, hobekuntzak eskatzeko ez ezik, gaur egun jasaten ditugun gehiegikeriak salatzeko", aldarrikatu dute ostalaritzako beharginek: "Badakigu hitzarmena paper errea izan daitekeela, egungoa bezala, langileok antolatuta ez bagaude eta betearazten ez badugu". "Negoziazioarekin gertatzen dena gertatzen dela", beraz, antolatzera eta borrokatzera deitu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK