Vox alderdiak Espainiako Auzitegi Nazionalera jo du Altsasuko (Nafarroa) Ospa Eguna dela-eta. Salaketa bat jarri du auzitegian, ekimen horretan gorroto-delitu bat izan zela eta terrorismoa goratu zela argudiatuta; horretarako, Zigor Kodeko 578. artikulua eta 510. artikulua hartu ditu oinarri modura.
Voxek auzitegian aurkeztu duen idatziak dio "gorrotoaren diskurtsoa" ez duela "adierazpen askatasun ideologikoak babesten", horrek "ezin baitio aterperik eskaini terrorismoaren biktimekiko mespretxu justifikaezina eragiten duten adierazpenei, haien umilazioa eragin dezaketenak". Hala, Ospa Egunean zehar ustez oihukatu ziren hainbat lelo jarri ditu mahai gainean alderdi faxistak; bere esanetan, "Ez, ez, ez, errepresiorik ez", "Esos de ahà enfrente torturan a la gente" edota "Ni se os quiere ni se os necesita".
Hala, Auzitegi Nazionalari eskatu dio deitzaileen "legezko ordezkariak" galdeka ditzala, eta Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzari ere zuzendu zaio: Ospa Eguna egiteko baimenari buruzko "espediente oso bat" bidal dezala eskatu dio. Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta Foruzaingoari ere egin die exijentzia bat: Ospa Egunean parte hartu zuten pertsonei buruzko eta, orokorrean, ekitaldiari buruzko informazioa bil dezatela.
Irailaren 3an izan zen Ospa Eguna, eta aurretik, ekimena debeka zezala eskatu zuen Voxeko idazkariorde Marta Castrok. Dena den, atzera bota zuten eskaera hori. Fiskaltzak ere debekuaren alde egin zuen, Ospa Egunak "ETAren helburu taktiko bat erreproduzitzen" duela esanez.