AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/12/28 23:01

Neurri murriztaile berriei buruzkoa ez zen Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren atzoko jakinarazpen bakarra izan: COVID-19ari dagokion osasun-protokoloa aldatu dute Hego Euskal Herriko osasun-sistema publikoan, eta hemendik aurrera, ez da koronabirusa atzemateko proban positibo eman duten pertsona guztien jarraipenik egingo. Izan ere, ez Osakidetzak ez Osasunbideak ez dute "kasu arinen" jarraipenik egingo, eta "autodiagnostikora" eta "autozaintzara" jo beharko da kasu horietan. Dena den, berez, positibo eman duten pertsona guztiek bakartu beharko dute.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo adierazi zuen osasun-sistema gain hartuta dagoela, eta ustez, horri aurre egiteko pentsatu dutela protokolo berria. Telefono eta web bidezko komunikazioak indartzea da osasun-sistemako gainkargari aurre egiteko mahaigaineratu duten modua, eta batez ere "kolektibo zaurgarrien" jarraipen "proaktiboa" lehenetsiko du Osakidetzak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, egunean 3.000 pertsona inguruk ematen omen dute positibo farmazietan erositako testetan. Sagarduik dio kasu gehienetan "koadro arinak" baino ez direla aurkezten, eta "bakartzea, atseden hartzea eta paracetamol bezalako antitermikoak" baino ez direla behar. Sintomak izanez gero, etxean bakartzeko eta Osakidetzarekin hitzordu bat eskatzeko inprimakia betetzeko eskatu du berriz Sagarduik; gehienetan, hainbat egun itxaron behar izaten dira hitzordua lortzeko.

Nafarroako Gobernuak argiago esan du "lehentasun selektibo" batzuk hartuko dituztela oinarri protokolo berrian, osasun-sarearen saturazioa "arintzeko". Sintoma larriak dituzten pertsonei baino ez dizkiete testak egingo; sintoma larritzat hartzen dira 38 gradutik gorako sukarra izatea hiru egunez, arnasa hartzeko zailtasunak izatea eta bat-bateko eztula izatea. Positibo eman duten pertsonen kontaktu estuei ere ez dizkiete testak egingo sintoma larririk ez badute.

Osakidetzako lehen arretako langileek protestak egin dituzte azken egunetan, bizitzen ari diren egoera jasanezina salatzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK