AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Norte de Castilla
2024/02/29 15:53

Espainiako Estatuko 16 eta 29 urte arteko gazteen ongizate eta ondoez psikologikoa aztertzeko asmoz, Sevillako Unibertsitateak eta Osunako Unibertsitate Eskolarek ikerketa-lan bat jarri zuten martxan 2023an. Ikerketaren arabera, inkestatutako gazteen %22,2k depresioa pairatzen zuten, %44,1ek antsietatea eta %22,1ek estresa.

Haien ongizatea bermaturik egon dadin zein alderdi lehenesten duten galdetu zitzaien gazteei, eta osasuna izan zen identifikaturiko lehenengo premia: %30,2k hautatu zuten. Erantzun gehienek osasun mentalari egiten zioten erreferentzia, beronen gabezia kokatzen baitzuten gehien larritzen dituen arazo gisa. Seinalaturiko bigarren premia ekonomia izan zen (%27,4). Ekonomiari oso lotuta, baina dirua esplizituki aipatu gabe, lanarekin zerikusia duten gaiak aipatu zituzten inkestatutako pertsonen %12,10ek; hala nola, "enplegu bat mantentzea edo hobetzea". Hirugarren beharra gizarte-harremanak izan ziren (%19,5).

Gazteen %22,2k depresioa pairatzen zuten, %44,1ek antsietatea eta %22,1ek estresa

Osasun mentala

Gazteek osasun mentala lehen kezkatzat izatea ez da ausazkoa: 2023ko FAD fundazioaren IV. Gazte Barometroaren arabera, azken bi urteotan okerrera egin du egoerak. 2021ean gazteen %56,4k aitortzen bazuten osasun mentalarekin loturiko arazoak zituztela, %59,3 ziren 2023rako. Datu horiek urrun daude pandemia aurreko urtetakoetatik, 2017an, %28,4k esaten baitzuten arazo horiek zituztela. Horrez gain, ia bi herenek (%59,3) laguntza profesionala eskatu dute; 2021ean %51 ziren.

Barometroko datuei so, hamar gaztetik lauk oso maiz bizi dituzte osasun mental faltari loturiko sintomak. Honakoak dira sarrien bizitakoak: nekea edo indar falta (%46,2), tristura (%44,2), kontzentrazio arazoak (%44,9), lo egiteko arazoak (%39,2) edo antsietate atakeak (%37,8), besteak beste. Bestalde, ia gazteen erdiak daukate diagnostikatutako nahasmenduren bat, hedatuenak depresioa (%17,7) eta antsietatea (%15,9) izanik. Horretaz gain, ia gazteen herenak (%31,7) hartu izan dute inoiz psikofarmakoren bat, eta gehiengoak (%17,8) egin du horretarako preskripziorik gabe.

Gazteen laurdenak (%23,8) pentsatu izan dute inoiz beren buruaz beste egitea, %11,3k behin baino gehiagotan pentsatu dute horretan eta %13,8k sarritan

Goranzko joeran jarraitzen duen beste datu bat euren buruaz beste egin duten pertsonen kopurua da. Gazteen laurdenak (%23,8) pentsatu izan dute inoiz beren buruaz beste egitea, %11,3k behin baino gehiagotan pentsatu dute horretan eta %13,8k sarritan. Alabaina, bada beren buruaz beste egitearen inguruan besteek baino gehiagotan pentsatzen duten pertsonen profil bat: gabezia material apalean edo larrian dauden gazteak, hain zuzen ere. Horien artean, %29,8k eta %34,8k izan dute buruan aipatutako ideia, hurrenez hurren. Halako gabeziarik ez dutenen artean, aldiz, %16,1 dira suizidioaren inguruan pentsatu dutenak.

Zaharrak berri

2023an, Sidneyko Unibertsitateak belaunaldiarteko osasun mentalaren egoera aztertzeko ikerlan bat argitaratu zuen PNAS aldizkari zientifikoan. Bertan ageri da okertzearen bilakaera: 2001ean 15 urtetik gorakoen %9,6k aipatzen zituzten osasun mentalari loturiko arazoak, 2018an %20,1ek eta 2021ean %21,4k. Datu horiek, baina, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko edozein herrialdetan islatzen direla aipatzen da ikerketan.

90eko hamarkadan jaiotakoek aurreko edozein belaunaldiako pertsonek baino osasun mental kaskarragoa dute

Ateratako ondorioen artean honakoak dira nagusi: 90eko hamarkadan jaiotakoek aurreko edozein belaunaldiako pertsonek baino osasun mental kaskarragoa dute, eta egoerak ez du hobera egiten zahartzen joan ahala, aurreko belaunaldiekin gertatzen zen moduan. Hala ere, pentsa zitekeenaren aurka, fenomenoa ez omen da horren berria. Izan ere, Bigarren Mundu Gerra ostetik 1975era bitartean jaiotako gazteen artean, esaterako, sintoma depresiboak gorakorrak zirela argitu berri du PNASen argitaratutako beste artikulu batek.

EZ DAGO IRUZKINIK