Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen osasun mentalaren inguruko azterketa bat egin du Future Game izeneko proiektuak, eta, beste behin ere, datu kezkagarriak eman ditu argitara. Ikerketak ondorioztatu du 18 eta 35 urte arteko pertsonen artean ia laurdenak (%24,1ek) pentsatu dutela noizbait euren buruaz beste egitean, eta ehunekoa are handiagoa da adin-tartea jaitsiz gero: 18 eta 24 urte arteko gazteen artean, %30era iristen da suizidatzea bururatu zaienen portzentajea. 2024aren amaieran Gazteen Euskal Behatokiak plazaratutako zenbait datu ere norabide berean zihoazen, ohartarazi baitzuten suizidioa dela heriotza-kausa nagusia EAEko gazteen artean.
Future Game proiektuak galdekatu dituen 18 eta 34 urte arteko lagunen artean, hirutik batek (herena) eskatu du laguntza osasun mentalari lotutako arazoengatik. %21,8 dira psikologoarengana jo dutenak, eta %15eraino heltzen da medikazioren bat hartu dutenen ehunekoa. Hala ere, botikak hartu dituzten pertsonei erreparatuz gero, nabarmena da emakumeen eta gizonen arteko aldea: ia %20 dira emakumeen artean eta %10,5 gizonen artean.
Bestalde, badirudi asko direla bakardade-sentsazioa duten gazteak, lautik bat (laurdena) sentitzen baita bakarrik. %15ek diote abandonatuta sentitzen direla, eta inkestatuen erdiak baino gehiagok azaldu du ez daukala bere kontuez hitz egiteko inor inguruan. Honako datuak lortzeko, EAEn bizi diren 18 eta 35 urte arteko 800 pertsona elkarrizketatu zituzten 2023ko azaroaren 10etik abenduaren 5era bitartean.