AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / The Objective
2025/03/07 13:49

Oxfam Intermón Gobernuz Kanpoko Erakundeak Genero-desberdinkerien eta zaintza-lanen inguruko pertzepzioei buruzko inkesta berri bat egin du Espainiako Estatuan, eta agerian utzi du, berriro ere, zer nolako errealitateak jasan behar dituzten emakume langileek lanaren eta ekonomiaren arloan. Galdetegia erantzun duten emakumeen %9,4k azaldu dute etxeko lanetan eta zaintza-lanetan soilik jarduten dutela, inolako ordainsaririk gabe. Gizonen %0,4k diote egoera berdina bizi dutela. Horretaz gain, emakumeen %18k (ia bostetik batek) eta gizonezkoen %10,8k esan dute ikasketekin jarraitu nahi izan dutela baina, zaintza-arduren ondorioz, ezin izan dutela.

Soldatapeko lanean dituzten baldintzei dagokienez, ikus daiteke lanaldi partzialeko egoerak emakume langileei nabarmen gehiago eragiten diela, guztizkoaren %75 baitira emakumeak. Horietatik %42,3k aitortzen dute lanaldi osoko lan bat nahi dutela baina ezin dutela bilatu, denborarik ez dutelako eta familia-ardurak dituztelako. Era berean, gizonen %82,6k jotzen dute euren burua etxeko sostengu ekonomiko nagusitzat, emakumeen %48,3en aldean.

Eta bestalde, bakoitzaren egoera ekonomikoari dagokionez, emakumeen %17k adierazi dute ez dituztela bizimodu duin bat izateko adina diru-sarrera; datu erlatiboki baxua, pobrezia-arriskuan dagoen biztanleria %26tik gorakoa izanik. Gainera, azken datuarekin lotuta, %42,9k jakinarazi dute ezin dietela 600 eurotik gorako ezusteko gastuei aurre egin. Ikusten da, beraz, baldintza-desberdintasun horiek ondorio gehigarriak dakartzatela. Inkestako emaitzen arabera, emakumeen gutxienez %15,3k jotzen dute txartzat euren osasun mentala, baina ez dute terapia psikologikoa ikusten aukera gisa.

EZ DAGO IRUZKINIK