AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Javier Hernández/El País
2023/09/25 19:14

Aurreko astean, Ertzaintzaren eta Osakidetzako zenbait osasun-langileren partetik tratu txarrak jasan zituen emakume batek Donostian (Gipuzkoa). Ospitaleratuta egon ondoren alta eman ziotenean gertatu zen erasoa: goizaldean jaso zuen alta, eta taxi batek etxera eraman zezala eskatu behar izan zuen emakumeak, ez baitzuen etxeratzeko beste aukerarik. Orduan hasi ziren ertzainen eta Osakidetzako langileen tratu txarrak.

Medikuak eta harrerako langilek "pasibotasunez" erantzun zuten garraio-eskaeraren aurrean, eta "antsietate krisi batean" sartu zen emakumea. "Langile eta ertzain batzuen isekak" entzun behar izan zituen egoera horretan, eta "izkina batean dardarka eta hiperbentilatzen" hasi zen. "Une horretan, ertzain bat gerturatu zitzaidan, eta 'bueno, mutiko, bukatu zaizu showa' oihukatuz, immobilizatu egin ninduen. Eta, beste bi ertzainen laguntzarekin, indarrez handik atera ninduten", azaldu du emakumeak sare sozialen bidez, Irutxuloko Hitza-k jaso duenez. Indarrez atxiki zutenean, hezur haustura bat izan zitekeen bihurritze bat zuela jakinarazi du, gainera.

Ospitaletik kanporatu zuten emakumea, eta errepidean botata laga zuten. Hori gutxi balitz, emakumeak eskuan zuen mugikorra kentzen saiatu ziren ertzainak, eta eskumuturra bihurritu zioten. Errepidera bota ostean, mehatxu egin zion Poliziak: alde egiten ez bazuen, identifikatu egingo zutela eta polizia-etxera atxilo eramango zutela esan zioten. "Minduta, altxatzea eta alde egitea" erabaki behar izan zuen orduan emakumeak, eta "erabat etsita eta herrenka" joan zen handik.

Dena den, etxera eramango zuen taxi gidari bat topatzea nekeza izan zen horren ondoren. "Batzuek egoera ikusi zuten, eta abisua euren artean zabaldu zuten. Ez zegoen eraman nahi ninduen taxi gidaririk ospitalean, itxura narrasa nuelako, eta bidaia ordaintzeko dirurik ez nuela susmatzen zutelako", esan du emakumeak argitaratutako bideoan. "Hilabetea pasatzeko nituen 40 euroak atera nituen eta esan nien beharrezkoa balitz bidaia hasi aurretik ordainduko niela, baina beraiek esaten zuten ikusten zela erotuta nengoela", gaineratu du.

EZ DAGO IRUZKINIK