AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/19 09:55

Organització Juvenil Socialista. Hala izendatu dute Valentziako herrialdean sortu berri duten gazte antolakunde sozialista. Valentzia hirian egin dute aurkezpen agerraldia, eta gaur eman dute OJSren sorreraren berri. "Askotariko esperientzia politikoetatik gatoz; gaur egungo desartikulazio politiko eta porrot egoeran bere burua babesteko, gure klaseak antolatu dituen borroketatik", azaldu dute OJSko kideek: "Etxegabetzeak geratu ditugu, faxistengandik defendatu gara, erasotzaile matxistengandik, eta gure nagusiengandik gure lanpostuetan". Eta ondorio argi bat atera dute esperientzia horietatik guztietatik: "Fronte horietan ikasi dugu beharrezkoa dela estrategia berdin baten pean batzea, arazo horien erroari eraso egingo diona: sistema kapitalistari". Ondorio hori aterata, "aurrerapauso bat ematea" erabaki dute: OJS eratzea.

Gazte antolakunde berria "tresna" bat dela azaldu dute, "jauzi kualitatibo bat" egiteko eta "gazteria proletarioaren gaur egungo baldintzei erantzuteko". Baldintza horien artean aipatu dituzte "gure belaunaldiaren gaineko kontrola eta kriminalizazioa, bizi-baldintzen gogortzea eta miseriazko lanak eta soldatak".

Proletariotzaren programa historikoa eta klase batasuna

"Egoera horren aurrean, neurri erabilgaitzak eta indargabeak eskaintzen dizkigu ezkerrak; eta hori, ez duenean zuzenean laguntzen gure menderakuntza erreproduzitzeko erreprimitzen gaituzten legeen gogortzean", salatu du OJSk. "Guk, ordea, masa-antolakunde bat izan nahi dugu; klase-borrokan esku hartuko duena, gaur egun kondenatzen gaituzten miseriaren aurrean borrokatuz eta erantzun bat emanez, eta gaur egungo egoera proletariotzaren programa historikoari lotuz: gizateriaren askapen osoa".

"Gaur urrats garrantzitsu bat egin dugu, baina aurrerantzean asko geratzen zaizkigu egiteko", ohartarazi dute OJSko kideek. "Gazteok konpromisoa hartzen dugu kapitalismoaren kontrako borroka temati eta basati bat egiteko; gure lana, esfortzua eta konpromisoa helburu iraultzaileari eskaintzeko; lan egiteko, klase osoak parte har dezan haz dadin gure mugimendua", aldarrikatu dute. Ezinbestekotzat jo dute "klase batasuna" eraikitzea, "proletariotzan barne-mailako zatiketa bat" eragiten duten biolentziei aurre eginez; hala nola, "biolentzia matxista, arrazista eta gure potentzia kolektiboari eraso egiten dioten zapalkuntza-modu guztiak".

"Uko egite, porrot, nihilismo, tristezia eta estualdi garaian, beharrezkoa da gazteok gure gaitasunak antolatzea eta berriro sinestea iraultza posible dela", ondorioztatu du amaieran OJSk.

EZ DAGO IRUZKINIK