Azken egunetan, La Toba (Guadalajara) herrixkak hartu du Coordinadora Juvenil Socialistak (CJS) antolatutako Adelante gazte-topaketa. Apirilaren 17an hasi zen jardunaldia eta apirilaren 19ra arte luzatu zen, formakuntza politikoa eta aisialdiko eskaintza uztartuz. Antolatzaileen esanetan, "gazte langile guztiei irekitako espazio politiko eta kultural handi" gisa sortu dute topaketa, eta horren erakusgarri izan da hiru eguneko egitaraua: hitzaldiak, tailerrak, arte-emanaldiak, musika, kirol-ekitaldiak...
Hamaika auzi politiko landu dituzte hitzaldietan, ondoko izenburuekin: "Iraultzarako eskubidea"; "Iraganetik ikasi, orainari aurre egin"; "Militantzia iraultzailearen erronkak eta ikuspegiak"; edo "Proiektu komunista berreraiki". Bestalde, topaketako tailerren artean izan dira autodefentsa, lettering, serigrafia, oratoria edo muralgintza tailerrak; eta emanaldi edo ikuskizunen artean, berriz, Palestinaren aldeko poesia errezitaldia, Gaztelako jotak, kirol-ikuskizunak edo askotariko kontzertuak. Besteak beste, Nerve Agent, Biznaga, Sozorras, J Martina, Kaparrak, La Traba eta La Jime aritu dira kontzertuan.
CJSk nabarmendu du gazte sozialistentzako erreferentziazko gune gisa sendotu nahi duela Adelante, eta "antolaketa eta lan militante handia" behar izan duela aurretik espazioaren sorrerak. Antolatzaileen hitzetan, ekitaldia "urrats garrantzitsua izango da ehunka gazte antolatzeko eta kausa komunistaren alde borrokatzeko prest daudela erakusteko".
Kapitalisten gerraren aurka
Larunbat arratsaldean izan zen topaketako ekitaldi politiko nagusia, eta hitza hartu zuten bertan CJSko kideek. Gazteria langileari berrantolatzeko deia egin zioten, hura "garaitua" izaten ari
den testuinguruari kontra egiteko. "Ez da soilik gazteak, edo behintzat gazte langileak,
ez direla irabazten ari: galtzen ari dira", adierazi zuen antolakundeko bozeramaile batek.
CJSk, bestalde, "esplotatzen gaituzten enpresarien", "oligarkiaren
komunikabideen", "Poliziaren makilen" eta "epaileen zigorren" eginkizuna
salatu zuen. Azpimarratu zuenez, "literalki gure armak lapurtu dizkigute", kupula sindikalak estatu-aparatuetan sartu eta "sozialismoa
era guztietako erreformismoekin ordezkatu" izanari erreferentzia eginez. Gazte-antolakundearen ustez, alternatiba bideragarri bakarra da "kendu diguten guztia
berreraikitzea".
Langileriaren antolaketa politiko independentearen
defentsarekin itxi zuten hitzartzea, hura gizartea eraldatzeko tresna gisa aldarrikatuz:
"Burgesiak dirua duen bezala, gure klasearen arma antolaketa da". Hala, "ezker erreformista eta ustelaren" kontra, CJSk
"proletalgoaren alderdi bat eraikitzeko antolakuntza" bultzatzera deitu zuen, azpimarratuz "gure biziraupen-kit bakarra proletalgoaren antolaketa iraultzailea" dela. Bide horretan, eta berehalako zereginei helduz, "estatu kapitalisten berrarmatzeari" aurre egitera eta "langile-klasearen berrarmatze politikoaren" alde egitera bultzatu zuten gazteria langilea.