AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Giuliana Preciado Cuero/Arabako Alea
2023/03/09 09:20

Aurreko astelehenean hil zen 22 urteko preso bat, Malek, Zaballako (Araba) kartzelan. Goizean, ohiko zenbaketa egiteko ziegak zabaltzean topatu zuten hilik. Oraindik ez dute heriotza erabat argitu, eta azken egunetan jasandakoaz hitz egin du gaztearen familiak.

Dolua, oztopatuta

"Gorpuaren kargu egiteko" espetxeak jarritako trabak salatu dituzte berriki senideek, eta zein beilatokitara eramango zuten ere administrazioak aukeratu zuela azaldu dute. Gaztea musulmana izan arren, beilatoki katoliko bat hautatu zuen administrazioak; eta prezioa zela-eta familiak ordaindu ezin zuen batera, gainera. Hori gutxi balitz, kalez jantzitako polizia-agenteak bertaratu ziren, eta senideak galdekatzen saiatu ziren.

Gorpua Aljeriara aberriratu ahal izateko lanean jarraitzen du familiak, baina hamaika "arazo burokratikorekin" topatu dira. Erakundeek galdu egin zuten Maleken pasaportea, eta senideek kostata lortu dituzte, azkenean, beharrezko agiri guztiak. Horiek lortu arren, Aljeriako kontsulatuaren baimen baten zain daude orain, hilotza Aljeriara lehenbailehen eramateko.

Gorpua aberriratzeko gastuak eta hileta gastuak kontuan hartuta, 12.000 euro ordaindu beharko ditu familiak; Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak 5.000 euro baino ez dizkie eman.

Are gehiago ilundutako heriotza

Gasteizko (Araba) 3. Instrukzio Epaitegiaren esku dago Maleken heriotzari buruzko auzia. Prozedurara aurkeztu dira gaztearen senideak: zehazki "zein egoeratan zegoen" eta kartzelak "behar bezalako arduraz jokatu duen" iker eta epai dadila nahi dute.

Malek 2020ko irailetik zeukaten preso Zaballan, eta senideek ohartarazi dute aurrez ere bere buruaz beste egiten saiatu zela.

EZ DAGO IRUZKINIK