2019-2020 ikasturtearen amaierarekin batera, martxoan abiaturiko kanpainaren balorazio orokorra egin du Ikasle Abertzaleakek. Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu! lemapean
sortutako dinamikaren lehen hiru aldarrikapen orokorrak ekarri ditu
gogora: airean zeuden erabaki guztiak "lehenbailehen hartzea", ikasleei
"egoerak sortutakoak baino zailtasun gehiago ez jartzea" eta ikasle
antolakundeen ordezkaritzaren bidez "ikasleria langilearen interesek
erabaki markoetan presentzia eta pisua izatea".
Bi asteren
buruan, alarma egoeraren egonkortzearekin batera, "tresna konkretu eta
eraginkorrak" martxan jartzeari ekin zion IAk, osasun-krisiaren
ondorioak langile klaseak ordaindu ez zitzan. Bide horretan, "langile klaseko ikasleen defentsarako programa" plazaratu zuen apirilean.
Programa horren baitan, ikas baldintzen gaineko borroka ugari hauspotu zituzten IAren tokian tokiko taldeek eta Ikasle Autodefentsa
Sareek. Ikuspuntu nazionala landuz, borroka horiei guztiei lotutako exijentzia orokorrak biltzen zituen agiri bat osatu zuten gero IAko kideek: bigarren hezkuntzarako, batxilergorako eta lanbide heziketarako "sei aldarrikapen nazionalak".
PARTE HARTZEAREN ZIFRAK
Kanpainaren hainbat alderditan ikasleriak izandako prestutasuna nabarmendu du IAk. Izan ere, tokian tokiko ikasleek helarazitako testigantza guztiak batuta, 5.200 testigantza baino gehiago jaso dituzte. Euskal Herriko 20 eskualdetan kontrastatutako ahotsak izan dira, 43 ikastetxe baino gehiagotan.
Testigantza horien bidez, "ikasleen beharrak
bertatik bertara ezagutzeko" aukera izan dutela diote IAko
militanteek. Gainera, hainbat lekutako egoera zehatza
aldatzeko "borroka prozesuen abiapuntu" izan dira testigantzak;
besteak beste, online klaseak jarraitzeko "erraztasunen aldeko", "klase eta atseden
orduak bereizteko", "beharrezkoak ez diren edukiak alboratzeko" edota
"errefortzuko klaseak gehitzeko" borrokak kasu. 18 ikastetxe baino gehiagotan lortu dute
langile klaseko ikasleriarentzat baldintzak hobetzeko neurri zehatzak ezartzea.
IKASLE GREBA MUGAGABEA
Alarma egoera indarrean sartzean, ikasleak ikasgeletara itzultzearen aurkako posizioa adierazi zuen IAk. Handik aste gutxira, ordea, klaseak berrartzeko asmoa azaldu zuen Hezkuntza Sailak. Berehala erantzun zuten IAko kideek: "Hezkuntza komunitatearen parte garen milaka pertsonen etorkizunarekin eta ongizatearekin arduragabekeriaz jokatuz hartutako erabakia da".
Hori dela eta,
maiatzaren 25ean ikasle greba mugagabeari ekiteko asmoa azaldu zuten. Klase presentzialak berrartzeko plana "bertan
behera uztea", eta horren ordez, "ikasturte akademikoa amaitutzat
ematea" exijitu zuten. Horrez gain, hirugarren ebaluazioko irakasgaien
"gainditze automatikoa ezartzea" eta "oporren ohiko iraupena
errespetatzea" aldarrikatu zuten. Dena den, "begi onez" ikusi zuten selektibitatea prestatzeko borondatezko klase presentzialak egitea, beharrezko
segurtasun neurriekin.
ESPERIMENTUAK ZAPUZTEKO
IAko
kideek argi esan dute "normalitate berri" deritzon hori "hezkuntzan
lurreratzeko proba-esperimentua" dela. Horrek "ikasketen
kalitatearen galera orokorra" nahiz "hezkuntzaren informatizazioan eta
ikasleen gaineko kontrol sozialean sakontzea" dakar, haien arabera. Beraz,
grebarekin batera, ikasketa prozesuaren gaineko "langile kontrola"
aldarrikatu dute.
MOBILIZAZIOAK
Ekaineko lehen
asteburuan ikasleek mobilizazioak egin zituzten dozena bat eskualdetan eta Hego Euskal Herriko lau
hiriburuetan, IAk deituta. Datozen asteei eta hurrengo ikasturteari begira "adi egongo
direla" adierazi zuten bertan, eta "antolakuntza eta mobilizazio
etengabea" jo zuten ikasle langileen interesak babesteko bide
bakartzat.