AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/28 13:27

Gaurko, ekainaren 28rako, zegoen ezarrita Legutioko (Araba) Desjabetuon Hotela Zentro Sozialistaren hustea. Horren harira, igandetik hasita, hiru eguneko egitaraua izan da martxan Legution. Hainbat lagunek han egin dute azkeneko gaua, eta goizean goiz bildu dira Desjabetuon Hotelaren aurrean, hura babesteko asmoz. 09:00etarako Legution zen Ertzaintza, eta Zabalainen igaro du ordubete inguru; 10:00ak aldera gerturatu dira Zentro Sozialistara, eraikinaren legezko jabeekin eta ateetako sarrailak aldatu dituzten sarrailagileekin.

Hotelaren ondoko kalea itxi dute ertzainek, baita sarreretako baten aurreko aldea ere. Eraikinaren aurreko aldean kokatu dira desalojoari aurre egiteko elkartu diren gazteak, eta Ertzaintzak bi sarrerak hartu dituenean ere tinko mantendu dira Zentro Sozialistaren aurrean, elkarren besoetatik helduta. Ateak irekitzen eta sarrailak aldatzen saiatzeari ekin diote sarrailagileek, eta une horretan egin du protestan zeudenen aurka Ertzaintzak. Hotelaren aurreko alde osoa hartu dute poliziek, eta bigarrenez izan dira haien karga gogorrak.

Guztira, bi kargetan, hogei gazte inguru zauritu dituzte ertzainek. Medikuen arabera, lauzpabost laguni egin beharko dizkiete erradiografiak, eta buruan grapak jarri behar izan dizkiote pertsona bati; traumatismo kraneoentzefalikoa dauka. Bestalde, bi pertsona eraman dituzte atxilo ertzainek, eta gatibu dituzte oraindik.

11:30ak pasatxo ikusi ahal izan dira hainbat ertzain Zentro Sozialistako teilatuan; sartzea lortu dute eta, beraz, Desjabetuon Hotelaren kontrako prozesuaren ondoriozko huste agindua gauzatu dute. Eguerdian egin dute alde hainbat ertzainek, eta handik ez askora utzi dute ingurua gainontzekoek.

2019an birjabetu zuten Desjabetuon Hotela Zentro Sozialistari lekua eman dion eraikina; hamabost urte zeramatzan hutsik. "Proletariotzaren babeserako hainbat tresna" jarri dituzte martxan han; adibidez, "jatekoa lortzeko zailtasunak dituzten pertsonei bideraturiko Elikagaien Bankua" eta Ikasle Gela. Gainera, azken bi urtean "oinarrizko espazio politiko bat" izan da "Mugimendu Sozialistaren garapenerako": "Klase kontzientzia garatu eta proiektu komunistaren alde ekitea eta antolatzea ahalbidetu duen ezinbesteko espazioa izan da".

Protesta arratsaldean

Desalojoa salatzeko eta atxilotu dituzten kideak aska ditzatela exijitzeko protestara deitu dute Desjabetuon Hoteleko kideek. Gaur, 17:00etan egingo dute elkarretaratze bat Legutioko plazan.

Arratsaldean argitaratuko dugu laburpen bideoa

EZ DAGO IRUZKINIK