AKTUALITATEA / Industria musikala
Musikarientzako diru publikoaren banaketan "gardentasuna" eta "aukera-berdintasuna" falta direla salatu dute 126 kulturgilek
Aurka kolektiboak eta Fermin Muguruzak bultzatu dute 'Denok gara kultura' adierazpena, eta "diru publikoa zalantzazko gardentasuna duten prozeduren bidez ematea" salatu dute sinatzaileek. ETS taldeak berriki jaso ditu Jaurlaritzatik 300.000 euro.
2026eko ekainaren 18 - 08:18
Musikarientzako diru publikoaren banaketan "gardentasuna" eta "aukera-berdintasuna" falta direla salatu dute 126 kulturgilek
— ARGAZKIA Sandra Casado

Euskal Herriko musika-munduko 126 kulturgilek manifestu bat sinatu dute berriki, Denok gara kultura (DGK) izenburutzat hartuta. Izan ere, "beharrezkotzat" jo dute "iritzia ematea", "Euskal Herriko Erakunde Publikoek musika-proiektuei, artistei, taldeei eta kulturarekin zerikusia duten hainbat eragileri diru publikoa esleitzeko gardentasunaren eta aukera-berdintasunaren beharraz irekitako eztabaidaren ondorioz". 

Aurka kolektiboak eta Fermin Muguruzak sustatu dute ekimena, aldarrikatzeko "kulturara bideratutako baliabide publikoak gardentasunez, irizpide publikoekin eta kultura-sare osorako mekanismo irisgarriekin kudeatu behar direla". Horiek horrela, gaitzetsi egin dute "diru publikoa zalantzazko gardentasuna duten prozeduren bidez ematea, era honetan ez baita aukera-berdintasuna bermatzen guztiontzat"; eta kezka erakutsi dute "erabaki horien bidez bultzatzen ari den kultur ereduari dagokionez". "Gardentasuna eta ekitatea eskatzen ditugu diru publikoaren banaketan", gaineratu dute.

Hona hemen sinatzaile guztien zerrenda:

Duela gutxi, polemika bizia sortu du Euskal Herriko musika-talde aski ezagun batek, En Tol Sarmientok (ETS) zehazki, Eusko Jaurlaritzaren aldetik jaso duen dirutzak: EAEko gobernuak funts publikoetako 300.000 euro eman dizkio taldeari, Bartzelonan eta Madrilen eskainitako ikuskizun bat finantzatzeko.