Sare Sozialista izenpe hartuta, langile autoantolaketarako tresnak eskaintzen jarraitu nahi dute Azpeitiko Krisiaren Seme-Alabek

Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistako kideek atzo argitaratu zuten ikasturtearen balorazio politikoa egiteko, eta erronkei begira jartzeko aurkezpen irakurketa. Bertan, egun kudeatzen duten eraikinaren berri eman zuten, baita "langile autoantolaketarako" tresnak eskaintzen jarraitzeko prestutasuna adierazi ere.
Argazki Nagusia
Gazte Sozialisten Topagunea Azpeitiko Esklabak eraikinean
2019ko azaroaren 05a

Urtebete igaro da Azpeitiko (Gipuzkoa) Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistako kideek Esklabak eraikina birjabetu zutenetik. Azken urtean, hainbat izan dira bertan egin dituzten lanak: "Etxebizitzak martxan dira, zenbait proiekturentzako azpiegitura zein prestaketa lanak amaitzen ari gara, eta proposamen berriei lehenbailehen heltzeko baldintzak aztertzen ari gara". Hori guztia egin ahal izateko, "proiektua altxatzen lagundu duten ehunka lagunei" eskerrak emanez hasi dute atzo sare sozialetan argitaraturako komunikatua.

Eraikinaren kudeaketaz gain, Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sarera batu direla azpimarratu dute Krisiaren Seme-Alabek, baita Gazte Sozialisten Topagunean "parte aktibo" izan direla ere. Era berean, herrian egin diren hainbat mobilizazioren antolaketan aritu direla azaldu dute: "Elkarlanerako bideak ireki ditugu beste hainbat herritako kolektiboekin, ikuspegi politikoa garatu eta mahaigaineratu dugun bitartean". Hala, "datozen hilabete eta urteetan landu beharreko jardun politikoa" argitzen ari direla diote: "Desjabetuon baldintzak bizitzako alor guztietan hobetzeko borrokak prestatzeko, eta horiek garaipen bilakatzeko proposamenak egiteko, eta horiek aurrera eramateko laguntza antolatzeko konpromisoa hartu dugu".

Autoantolaketarako tresnak

Azken urtearen balorazio politikoa eginda, "adin tarte desberdineko herritarrekin" lan egiteko borondatea erakutsi du Sare Sozialistak. "Autoantolaketa prozesua" bultzatzeko tresnak eskaintzeko eginbeharra ere bere egin du, "langileriaren aterabide duin bakarra sozialismoaren eraikuntza" delakoan.

"Lehen eginbeharra", beraz, "autoantolaketarako tresnak eskaintzea" izango dela azpimarratu dute. Bide horretan, "praktika konkretuak elkar lotuta", "batasunez" aritzeko beharra nabarmendu dute. Hala, "lan horietan ekarpena egiteko asmoz" abiatu dute bigarren ikasturtea Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialistako kideek.

Gazte Sozialisten Topagunea

Pasa den ekainerako, Gazte Sozialisten Topagunea antolatu zuten Ikasle Abertzaleek eta Gazte Koordinadora Sozialistako kideek. "Bizitza politikoa sustatzeko" eta "langile kultura hauspotzeko" antolatutako ekimena Azpeitian gorpuztu zen, ekainaren 12tik 16ra. Hain zuzen, Krisiaren Seme-Alabek kudeatzen duten Esklabak eraikinak jaso zituen Euskal Herri osotik bertaratutako ehunka militante. Topagunearen oinarri nagusietako bat izan ziren bertan egindako auzolanak. Auzolan horiei esker, egun lan politikoa aurrera eramateko Azpeitiko Sare Sozialistak dituen baldintzak hobetu zirela azaldu dute.