Milaka pertsonak exijitu dute Pablo Haselen askatasuna Mugimendu Sozialistak deitutako mobilizazioetan

Asteburuan mobilizatzera dei egin zuten GKSk eta lekuan lekuko Kontseilu Sozialistek, Pablo Haselen espetxeratzea salatzeko eta "amnistia osoa" aldarrikatzeko. "Proletalgoaren askatasun politikoen defentsan", milaka pertsona atera dira kalera. Iruñeko mobilizazioa amaitzea ekidin zuen atzo poliziak, eta gogor oldartu zen manifestarien aurka; gutxienez bi pertsona atxilotu zituzten.
Argazki Nagusia
2021eko otsailaren 21a

Gazte Koordinadora Sozialistak eta tokian tokiko Kontseilu Sozialistek ere mobilizazioak antolatu zituzten asteburu honetarako, Pablo Haselen kartzelaratzea salatzeko eta errepresaliatu politikoentzako "amnistia osoa" aldarrikatzeko. Hamabost herritan izan dira Mugimendu Sozialistak deitutako mobilizazioak, eta milaka pertsonak hartu dute kalea "proletalgoaren askatasun politikoen defentsan".

GKSk nabarmendu du "demokraziaren eredu burgesak" etengabe egiten diela eraso "proletalgoaren oinarrizko askatasunei", eta azaldu du "oinarrizko eskubideen ezabapenaren adibide garbia" dela Haselen aurkako jazarpena.

Bi atxilotu Iruñean

Iruñean (Nafarroa) ere izan zen manifestazioa atzokoan, Iruñerriko GKSk deituta. GKSko kideek azaldu dutenez, Alde Zaharrean "itogarria" izan zen poliziaren presentzia, hasieratik. Manifestariak ibilbidearen amaieraraino iristea ekidin zuten Foruzaingoak eta Espainiako Poliziak, haien aurka gogor oldartuta. Horren ostean, istiluak izan ziren Alde Zaharrean, Errotxapean eta Txantrean. Gutxienez bi pertsona eraman zituzten atxilo poliziek.

Iruñeko gertakarien harira, "masa-komunikabideen desitxuraketa eta kriminalizazioa" salatu ditu GKSk: "Inoiz baino argiagoa da klase dominantea [...] zuritzeko eta gazte langileak kriminalizatzeko betetzen ari diren papera".

Mobilizazio gehiago Euskal Herrian

Mugimendu Sozialistak antolatutako mobilizazioez gain, Haselen espetxeratzea salatzeko protesta jendetsu gehiago ere izan dira Euskal Herrian azken egunetan. Asteburu honetan, esaterako, Bilbon (Bizkaia) manifestazioa izan da Bilbo Antifaxistak deituta eta, Beasainen (Gipuzkoa), mobilizazioa egin dute Ordiziko Gazte Asanbladak, Beasaingo Gaztetxeak eta Zaldibiko Gazte Asanbladak deituta.

Argazkiak: GEDAR LANGILE KAZETA, Gazte Koordinadora Sozialista, Kontseilu Sozialistak, Ordiziko Gaztetxea, Sare Antifaxista