AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/02/18 21:27

Herenegun eraman zuten atxilo Pablo Hasel abeslari eta militante politikoa, eta Euskal Herrian ere piztu dira haren espetxeratzea salatzeko protestak. Hamaika txokotan izan dira mobilizazioak jada, eta Gazte Koordinadora Sozialistak eta lekuan lekuko Kontseilu Sozialistek ere antolatu dituzte protestak biharko eta etzirako. Haselen kartzelaratzea salatu eta haren etxeratzea exijitzeaz gain, "proletalgoaren askatasun politikoen" defentsa eta errepresaliatu politikoen amnistia aldarrikatuko dituzte mobilizazioetan.

Momentuz, ondoko deialdiak argitaratu dituzte:

Bihar, ostirala:

  • Irun (Gipuzkoa): 20:00etan San Juan plazan, Bidasoako GKSk deituta.
  • Durango (Bizkaia): 19:30ean Santanatik, Kontseilu Sozialista Durangaldeak eta Durangaldeko GKSk deituta.
  • Gernika (Bizkaia): 20:00etan Merkurio iturrian, Kontseilu Sozialista Busturialdeak eta Busturialdeko GKSk deituta.
  • Azpeitia (Gipuzkoa): 19:00etan herriko plazan, Kontseilu Sozialista Urola Erdiak eta Urola Erdiko GKSk deituta.

Etzi, larunbata:

  • Lezama (Bizkaia): 13:00etan Lezamako plazan, Txorierriko GKSk deituta.
  • Iruñea (Nafarroa): 20:00etan Errekoletak plazatik, Iruñerriko GKSk deituta.
  • Laudio (Araba): 18:00etan Lamuza plazan, Aiaraldeko GKSk deituta.
  • Altsasu (Nafarroa): 13:00etan Foruen plazan, Sakanako GKSk deituta.
  • Tolosa (Gipuzkoa): 19:00etan udaletxeko plazan, Kontseilu Sozialista Tolosaldeak eta Tolosaldeko GKSk deituta.
  • Basauri (Bizkaia): 12:30ean Bentako plazan, Kontseilu Sozialista Hego Uribek eta Hego Uribeko GKSk deituta.
  • Zumaia (Gipuzkoa): 19:30ean Beheko plazan, Kontseilu Sozialista Urola Kostak eta Urola Kostako GKSk deituta.
  • Ondarroa (Bizkaia): 18:00etan Alamedan, Kontseilu Sozialista Lea-Artibaik eta Lea-Artibaiko GKSk deituta.
  • Lekeitio (Bizkaia): 18:00etan udaletxe aurrean, Kontseilu Sozialista Lea-Artibaik eta Lea-Artibaiko GKSk deituta.
  • Lizarra (Nafarroa): 20:30ean Foruen plazan, Lizarraldeko GKSk deituta.
  • Hernani (Gipuzkoa): 12:00etan Gudarien enparantzan, Kontseilu Sozialista Buruntzaldeak eta Buruntzaldeko GKSk deituta.

PROLETALGOAREN ASKATASUNEN DEFENTSA

GKSk nabarmendu du "totalitarismora jotzen" dutela "aurkakotasun errealik ez duten bankari eta enpresaburuen kontrolpeko erregimenek". "Demokraziaren eredu burgesak" etengabe egiten die eraso "proletalgoaren oinarrizko askatasunei", GKSko kideen esanetan:  "Proletalgoa kontrolatuta dago, kriminalizatuta, politikoki legez kanpo utzita eta pobreziara kondenatuta".

Pablo Haselen kasua, beraz, "oinarrizko eskubideen ezabapenaren adibide garbitzat" jo du GKSk, "zehazki, adierazpen askatasunaren ezabapenarena". "Askatasun politikoen gabezian", proletalgoaren "babesgabetasuna" larriagotu egiten dela nabarmendu du, gainera.

"Erregimen horiei aurre egiteko saiakerak gero eta gogorrago kolpatzen dituzte agintariek", salatu du. Horren adierazgarri modura aipatu ditu etxebizitzen okupazioa zigortzeko baliabideak nahiz polizia-baliabideak indartu izana, edota "langileriaren antolakuntza politikorako baldintzak ezabatu" izana.

"Askatasun politikoen auzia gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen" ari dela azpimarratu dute GKSko kideek, eta "sozialismoaren eraikuntzarako elementu bat gehiago" direla askatasun horiek. Pablo Haselen atxiloketaren harira, gainera, azpimarratu dute "Espainiako erregimen burgesaren aurka adierazteko askatasun eza" erakutsi duela jazarpen politiko kasu berri honek, eta "ezinbestekoa" dela "dominazio eta injustizia gertakariei aurre egitea eta, era berean adierazpen askatasuna defendatzea".

AMNISTIAREN ALDARRIA

"Prozesu horretan amnistiaren aldarriak ere bere lekua hartzen du. Izan ere, burgesiaren erregimenari aurre egiteagatik errepresioa jasan duten horien egoerari aurre egiteko aldarrikapen politikoa da amnistiarena", ondorioztatu du GKSk. "Amnistiaren gaurkotasuna defendatzen dugu".

Hortaz, dei egin du Haselen kartzelaratzearen aurka mobilizatzera. Azken egunetan hari "elkartasuna erakusteagatik zein polizia jazarpenari aurre egiteagatik errepresioa jasan duten guztiei" ere babesa adierazi die.