AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Mossos d'Esquadra
2025/11/27 08:02

Kataluniako Generalitateak iragarri duenez, atxilotutako pertsonen jatorria azalduko du Mossos d'Esquadrak 2025eko "kriminalitate balantzean". Urtarrilean argitaratuko dute txostena, eta Kataluniako Barne Sailaren arabera, "beste datu askoren artean", "espainiarren" eta "atzerritarren" arteko bereizketa jasoko du atxilotutako pertsonei buruz mintzatzean. Informazio hori "gardentasunaren" atarian eta erantzun parlamentarioetan eskaintzen da dagoeneko.

Ertzaintzak EAEn oraintsu egindako urratsei jarraitzen die mossoen jardunbide berriak, izan ere, aurreko hilean azaldu zuten, Voxen eskaerarekin bat eginez, atxilotuen jatorria zehaztuko dutela aurrerantzean Ertzaintzako iturriek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak "gardentasun" ariketa gisa justifikatu du erabakia.

Josep Lluis Trapero mossoen zuzendariaren esanetan, "atzerritar kontzeptuak, haratago joan gabe, ezer gutxi esaten du", eta adibide gisa jarri du "ebasketa edo lapurreta asko atzerritar jatorriko pertsonek egiten dituztela, baina maila sexualean edo ustelkeriari dagokionez, gehienak espainiarrak direla". Traperoren arabera, Barne Sailak "sakonago ulertu nahi ditu delinkuentziaren fenomenoa eta delitu jakin bakoitzaren kausak". Generalitateak ez du argitu, dena den, jatorrizko eremu geografikoak zehaztuko dituen, Ertzaintzak egiten duen bezala, edo "espainiarrak" eta "atzerritarrak" bakarrik bereiziko dituen.

Iragarpena bat etorri da Kanpai planaren lehen balantzearen aurkezpenarekin, mossoek apiriletik makrooperazioak egiteko aplikatzen duten plana hain zuzen ere, "behin eta berriz delituak egiten" dituztenen kontra ("multirreincidencia" deitzen dutena). Berriki, mossoek 135 dispositibo jarri dituzte martxan 28 hiritan; eta duela gutxi, 800 agentek esku hartu dute Bartzelonako metropoli-eremuan, kaleak poliziaz betez, "delitugileak zigorgabe senti ez daitezen".

Kataluniako Barne Sailak atxilotuen jatorriari buruzko datu hori aldagai finko gisa aurkeztuko du 2026ko balantzetik aurrera. Generalitatearen arabera, bereizketak "delitu mota bakoitzean zer faktore sozialek eragiten duten materialki aztertzea ahalbidetuko du", baita "migrazioa eta kriminalitatea oinarri enpirikorik gabe lotzen dituzten narratibak zalantzan jartzea" ere.

Joera arrazistak indartzeko arriskua

Hala ere, kriminologian eta kriminalistikan aditu batzuek lehenago ere ohartarazi izan dute mota horretako kategoriek izan ditzaketen ondorio kaltegarriez. Seinalatu dutenez, pertsonen jatorria balantzean nabarmendutako aldagai bat bihurtuz gero, agenteek zerrenda horiek irizpide operatibo informal gisa barneratzeko arriskua dago. Aditu horien hitzetan, halako adierazleek eragin dezakete "plantillaren zati batek atzerritarrengan kontzentratzea euren ahaleginak", Polizian "lehendik dauden joerak" elikatuz eta diskriminazio-praktikak indartuz.

EZ DAGO IRUZKINIK