AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Manifestazioa egin zuten iaz Elorrion, 'Bada garaia! Iñaki gurekin' izenpean. Argazkia: Anboto
2019/10/02 11:29

Fresnesko espetxean atxilo zuten azken euskal preso politikoa zen Iñaki Reta elorriarra. Fresnestik Mont-de-Marsango kartzelara lekualdatu berri du Frantziako Estatuak. Hala, etxetik 200 kilometro ingurura dago orain.

ETA erakundeko kide izatea egotzita, hamalau urte preso egin zituen Retak, 1982tik 1996ra. 2008an berriro auzipetu zuten, Askatasunako kide izatea leporatuta, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren auziaren barruan. Orduan, zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Berrito atxilotua eta espetxeratua

Ihes egitea eta klandestinitatera jotzea erabaki zuen Retak. Handik zazpi urtera, 2015ean, atxilotu zuten Ortzainen (Nafarroa Beherea), Xabier Goienetxearekin batera. ETAren "aparatu logistiko-militarraren" aurkako operazioa izan zen. 

Iazko abenduan Parisen (Frantziako Estatua) epaitu zituzten biak, eta zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zieten. Beste hiru pertsona ere izan ziren epaituak; bi urtetik beherako zigorra izan zen haientzat, Reta eta Goienetxea etxean hartzea leporatuta. Mont-de-Marsanen dute preso Goienetxea ere.

Berria-k jakinarazi duenez, gaur gaurkoz, 38 euskal preso politiko dira Frantziako Estatuan. Haietako hamahiru daude Mont-de-Marsanen, eta beste hamahiru Lannemezanen.