AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/08 11:54

Ertzaintzak 2020ko azaroan atxilotu zituen Gaizka Astorkizaga Fito eta Valentina Morisoli, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. "Terrorismoaren aurkako" operazio baten barruan, "erakunde terrorista bateko kide izatea, kalte terroristak eragitea eta terrorismoa goratzea" egotzi zieten, IƱaki Bilbao Txikito eta Patxi Ruiz preso politikoak gose greban zeudenean izan ziren hainbat sabotaje-ekintza zirela-eta.

Bederatzi hilabetez izan zituzten "prebentziozko" kartzelaldian, eta 2021eko uztailean irten ziren espetxetik. Horren aurretik, Fito lau urtez izan zuten preso.

Joan den ekainean epaitu zituzten Astorkizaga eta Morisoli Madrilen, desordenak eragitea leporatuta. Bi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Fitori, eta ebazteke dago zer gertatuko den epai horrekin.

Hemezortzi urteko beste eskaera bat

Irailean jakinarazi zutenez, laster berriz epaituko dute Astorkizaga Espainiako Auzitegi Nazionalean: 2020an, Eako (Bizkaia) kutxazain baten kontra sabotaje-ekintza bat egin izana egozten diote. Sua eta Harria izenpean argitaratu duten salaketa-oharrak dioenez, "Guardia Zibilaren eta Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren ustezko frogetan eta presioetan" oinarritzen da Fitoren aurkako zigor-eskaera ikaragarria: zehazki, hemezortzi urteko espetxe-zigor eskaera bat egin du fiskaltzak.

Militantzia politikoa jopuntuan

Astorkizagaren egoera salatzeko argitaratutako oharrean, gogora ekarri dituzte Ruiz eta Bilbao preso politikoek 2020an egindako "borroka eredugarriak". "Estatu faxistaren aurrean egiten dituzten bidezko protesten aurrean, herriak beraiek babesteko duen zilegitasuna" aldarrikatu dute, baita "errepresio-mekanismo guztien aurrean matxinatzeko eskubidea" ere. "Auzitegi Nazionala, Polizia eta salbuespen legea" aipatu dituzte mekanismo horien artean.

Militantzia politikoaren defentsa egin dute Sua eta Harria izenpean, eta errepresio oro gaitzetsi dute. "Mozorroa kendu nahi diegu euren isiltasunarekin jendea epaitzen eta kondenatzen jarraitzea ahalbidetzen dutenei", gaineratu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK