Bizkaiko Probintzia Auzitegiak kondenatu egin ditu DYAko Bizkaiko presidente ohia, Fernando Izagirre, eta bere bazkidea, Juan Diego Gallardo. Izan ere, epaileak dio frogatuta geratu dela modu masiboan desbideratu zutela dirutza bat larrialdi-zerbitzuak eskaintzen dituen enpresatik. Epaileak berak azaldu du Izagirrek eta Gallardok "kontrolatzen eta gidatzen" zutela hiru konpainiak (Bizkaiko DYA, Emergencias Plus eta Ambulancias Barcelona) osatutako "triangelua", eta badirudi horretaz baliatu zirela irabaziak lortzeko.
Izagirreri, 2016 eta 2021 artean DYAko presidente izan zena Bizkaian, bost urte eta sei hilabeteko zigorra eta 10.800 euroko isuna jarri dizkio, "bidegabeko jabetze kualifikatua eta kontabilitatea faltsutzea" leporatuta. Gallardori (elkarrekin kontrolatzen zituzten hainbat enpresa), berriz, lau urte eta sei hilabeteko zigorra eta 8.100 euroko isuna ezarri dizkio.
Isunekin alderatuta, askoz ere handiagoa izan zen biek desbideratutako dirua: epaileak frogatutzat jo du 2,9 milioi euro lapurtu zituztela Bizkaiko DYAren kontutik, haien artean "ados jarrita" eta "legez kanpoko irabazi-asmoekin". Lehenengo, Emergencias Plus sozietatearen kontura mugitu zuten dirua, eta hortik aldatu zuten Ambulancias Barcelonara. 2011ko apiriletik 2016ko azarora bitartean desbideratu zuten dirutza hori, epailearen esanetan, "azalpen logikorik eta enpresarialik" gabe eta "itzultzeko inolako espektatibarik gabe".