AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Irekia
2026/02/11 14:14

2016-2017 aldian Osakidetzak deitutako Enplegu Publikorako Eskaintza (EPE) ahozko epaiketara eramango du Arabako Probintzia Auzitegiak. Izan ere, azterketa horretan izandako ustezko filtrazioagatik epaituko dituzte bi pertsona: Donostiako (Gipuzkoa) Ospitaleko zerbitzuburu bat eta oposizioetara aurkeztu zen pertsona bat, hain justu. Senideak ziren momentu hartan.

2018ko maiatzaren 20an izan zen epaitegian ikertzen ari diren proba: Kirurgia Plastiko, Estetiko eta Konpontzaile espezialitateko azterketa, alegia. Ikerketapean dagoen zerbitzuburuak prestatu zituen azterketa teorikorako galderak, eta fiskaltzaren arabera, auzipetuta dagoen bigarren pertsonari helarazi zizkion ezkutuan, azterketa egin aurretik. 50 galderetatik 48 erantzun zituen zuzen, Berria-ren esanetan. Garai hartan, oposiziogilearen aitaginarreba zen zerbitzuburua.

Urtebete eta bi urte arteko espetxe-zigorrak eskatu dituzte bientzat, "sekretuak agerrarazi" izana leporatu baitiote azterketako galderak prestatu zituen medikuari, eta "sekretuak agerrarazten saiatu" izana galderak jaso omen zituen pertsonari. Bigarren auzipetuari delitua egiten saiatzea soilik egotzi diote, azterketa egin eta zenbait egunera, enplegu-eskaintzari uko egitea erabaki zuelako. Horren aurretik, lortutako nota susmagarria zela jakinarazi zioten oposizioko arduradunek.

2016-2017 aldiko oposizio horietan, esparru gehiago ere egon ziren susmopean, filtrazio posibleengatik. Horregatik, hemeretzi pertsona egon dira ikerketapean guztira Arabako Probintzia Auzitegian, baina gehienen aurkako prozesu judizialak itxi ditu azkenean epaitegiak. Gaur egun, bi pertsona baino ez daude auzipetuta, eta haiek izango dira akusatuen aulkian eseriko diren bakarrak.

EZ DAGO IRUZKINIK