AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/23 10:20

Asteazken honetan jakinarazi dutenez, migratutako pertsonak esplotatzeko sare bat atzeman dute Sevillan. Gaur egun, 21 langile zeuden sare horretan harrapatuta (adin txikikoren bat ere bada tartean), eta nekazaritza-lanetan aritzen ziren, Sevillako probintzia osoan zehar sakabanatutako hainbat lursailetan. Sozietate faltsu batzuen bidez, esplotazio-sareak zerbitzuak eskaintzen zizkien lursailetako jabeei, eta sarean harrapatutako langileak bidaltzen zituen gero lan horiek egitera.

Sare kriminalak erabateko esklabotza bat inposatzen zien beharginei. 06:00etan hasten zen euren lanaldia: ordu horretan jasotzen zituzten, eta egun osoan aritzen ziren lanean, ez baitziren 20:00ak aldera arte itzultzen. Ordu horietan guztietan zehar, ez zuten inolako atsedenik izaten langileek, eta esplotatzaileek ez zieten uzten ezer jaten edo edaten, baldintza gogorretan jardun arren. Langileetako batzuek edukiontzietatik hartu behar izaten zuten janaria.

Gainera, pilatuta izaten zituzten hainbat etxebizitzatan. Askok lurrean egin behar izaten zuten lo, esplotatzaileek diru kantitate bat eskatzen zieten arren "ostatuaren" truke. Itxura denez, uneren batean, logela batean hamabost lagun izatera ere iritsi ziren. Sareak, bestalde, langileak kontrolatu ahal izateko arduradun bat zeukan izendatuta: haiekin bizi zen, eta bere lana zen beharginak kalera irteten ez zirela edo Poliziak haiek topatzen ez zituela bermatzea.

Iruzurrezko lan-eskaintzak

Errumaniakoak eta Moldaviakoak dira Sevillako esplotazio-sare horrek harrapatutako langile gehienak. Antza, sare sozialen bidez erakartzen zituzten esplotatzaileek: lan-eskaintza faltsuak egiten zizkieten, gezurrezko lan-baldintzekin. Espainiako Estatura mugitzeko konbentzitzen zituztenean, biktimak jaso, nortasun-agiriak kendu eta sareak kudeatutako etxebizitzetara eramaten zituzten. Orduan behartzen zituzten esklabotza-baldintzetan aritzera.

Sarearen parte diren hamabost pertsona atxilotu dituzte aste honetan. Horietatik hiru prebentziozko kartzelaldian sartu dituzte.

EZ DAGO IRUZKINIK