AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Periódico
2024/03/18 11:25

NBC News egunkari estatubatuarrak jakinarazi duenez, nazioarteko segurtasun pribatuarengana jo du Israelgo entitate sionistak, iazko urrian Gazako Zerrendan abiatutako oldarraldi militarrari eusteko. Erabat ironikoa dirudien argudio bat hartu du aitzakiatzat horretarako: esan du Gazara bidalitako "laguntza humanitarioa babesteko" kontratatu nahi dituela segurtasun-enpresak.

Iturri estatubatuarren arabera, Israelgo indarrak harremanetan jarri dira jada hainbat segurtasun-enpresarekin, eta mahai gainean jarri dute segurtasun pribatua nazioarteko beste herrialde batzuek ordaintzeko aukera. Agintari sionistek ez dute gaiari buruzko adierazpenik egin nahi izan.

Itxura denez, Amerikako Estatu Batuetako goi-agintari konplizeekin landu dute auzia buruzagi sionistek. NBC News-ek dio "AEBetako hainbat funtzionariok" ez dutela gogoko "tropa estatubatuarrak edo segurtasun-kontratistak Gazan bertan izatea". Hala ere, badirudi Gazan esku hartuko dutela aurki AEBetako indar militarrek, aurrekari posible bat jarrita.

Gazako kostan "oin bat bera ere jarri gabe", soldadu estatubatuarrek elikagaiak eta bestelako laguntza humanitarioa eramango dituztela diote AEBetako agintariek, eta "ur gaineko sistema bat" eraikiko dutela horretarako. Xehatasun handirik eman ez badute ere, AEBetako 1.000 militarrek eta "langile zibilek" hartuko omen dute parte operazioan.

27 palestinar gosez eta egarriz hilik

Une honetan, hainbat herrialde eta erakunde Palestinara helarazi nahian ari diren laguntza humanitarioa blokeatuta dauka Israelgo entitate sionistak. Palestinarrei bidalitako botikak, elikagaiak eta bestelako bizi-baliabideak boikotatzen dituzte sionistek, are gehiago: modu etsian laguntza hori jasotzera hurbiltzen diren milaka eta milaka palestinarrei etengabe egiten diete eraso soldadu israeldarrek.

Martxoaren hasieran, esaterako, Gaza hiriko Rimal auzoan egin zieten eraso: palestinar ugari kamioi batzuetatik janaria jasotzen ari zirenean, euren kontra tiro egin zuten militar sionistek. 100 gazatar inguru erail zituzten, eta 700 zauritu. Halako erasoak etengabeak ari dira izaten, Zerrenda iparraldean gosetea mugarik gabe hedatzen ari den bitartean. Urriaren 7tik hona, 27 palestinar hil dira gosez eta egarriz, horietatik 21 haurrak.

EZ DAGO IRUZKINIK