AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EP
2024/03/14 12:10

Bost hilabete baino gehiago igaro dira Israelgo entitate sionistak oldarraldi militar masiboari ekin zionetik Gazan, palestinar erresistentziak kontraerasora jo ostean. Etenik gabe doa gora sionistek eraildako palestinar kopurua: Gazako agintaritzek emandako datuen arabera, urriaren 7tik hona, gutxienez 31.200 palestinar hil dituzte. Desagertuak 7.000 inguru dira, eta zaurituak, berriz, 72.000 lagunetik gora.

Beldurgarriak dira zenbakiak, eta azpimarra berezia egin diote eraildako haur palestinar kopuruari. Izan ere, azken bost hilabeteetan, 13.500 ume gazatar inguru hil dituzte sionistek. Zifra hori are izugarriagoa da alderaketei ekinez gero. Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA, ingelesez) esanetan, oldarraldi sionistaren aurreneko lau hileetan (otsailaren 7rako) hildako haur palestinar kopurua, jada, altuagoa zen azken lau urteetan munduko edozein gerratan eraildako umeena baino.

Izan ere, 2019tik hona mundu mailan izan diren gerretan eta gatazka militarretan, guztira, 12.193 haur inguru hil dituzte. Gazan, lau hilabetetan, zifra hori gaindituta zegoen jada: urriaren 7tik otsailaren hasierara bitartean (120 egun) soilik, gutxienez 12.300 ume gazatar erail zituzten indar militar sionistek. Oldarraldiaren bosgarren hilabetea ere igaro da dagoeneko, eta, esan bezala, puzten jarraitzen du kopuru horrek: 13.500 baino gehiago dira Gazan hildako haurrak.

27 pertsona, gosez hilik

Gazako Zerrendaren kontrako setioaren barruan, orotariko hornidurak eta laguntza humanitarioa (elikagaiak, botikak eta abar) blokeatzen segitzen du sionisten estatu genozidak. Hala, hilabete luzez palestinarrek ohartarazi duten modura, gosetea eta deshidratazioa hedatzen ari dira. Dagoeneko 27 dira gosez eta egarriz hil diren palestinarrak, eta haurrak ziren gehienak: 21, gutxienez.

Haurrak ere, atxilotuak eta torturatuak

Munduan, haurrak eta nerabeak sistematikoki auzipetzen dituen estatu bakarra da sionistena. Atxilotu eta Atxilotu Ohien Gaietarako Palestinako Batzordearen arabera, urtean 500 eta 700 ume eta nerabe palestinar izaten dituzte atxilo indar israeldarrek. Joan den otsailaren amaieran azaldu zuen, baina, aurreko hilabeteetan gora egin zuela adin txikiko preso kopuruak: aurreko bost hileetan soilik, 460 ziren militar sionistek atxilo hartutako adingabeak.

Eta, itxura denez, tratu txarretatik ere ez daude salbuetsita palestinarrik gazteenak. Azken hilabeteetan preso izan diren hainbat eta hainbat gazatarrek berriki azaldu dituzte euren atxiloaldian jasandako torturak. Jakinarazi dute, gainera, adin guztietako palestinarrak dituztela atxiloturik sionistek: 14 urtetik 80 urterainokoak.

EZ DAGO IRUZKINIK