AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/03/25 18:01

Gasteizko (Araba) Mercedes Benz automozio lantegian 14 langilek eman dute positibo Covid-19 birusa atzemateko frogetan. Bestalde, enpresako 5.000 beharginen lanpostuak kolokan daude egun, lan-erregulaziorako txostenak aurkeztu baititu zuzendaritzak.

Legediak ez du enpresa langileekin negoziatzera derrigortzen. Hortaz, momentuz, ez die inolako konpentsaziorik ordainduko, beharginek ekoizpenaren geldialdia beste lanegun batzuen bidez ordezkatzeko prestutasuna adierazi duten arren. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Daimler taldeko beste lantoki batzuetan halako neurriak lortu dituzte kalteordainei dagokienez.

Lantegi horretan soldatapean jarduten dutenen artean 300 kasu sintomatikotik gora zenbatu dituzte dagoeneko. Kutsatze arriskuan dauden langile horiek isolamendu baldintzetan daude euren etxeetan.

Zifra orokorrak

Azken datuen arabera, Hego Euskal Herriko enpresek osatutako lan-erregulazio txostenen zenbatekoa goruntz doa, eta 70.462 langileri eragiten dieten 11.637 dosier daude dagoeneko mahai gainean. Atzo 8.250 ziren erregulazio txostenak, eta 52.213 horien eraginpean zeuden beharginak.