AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/08 23:50

Atzo, Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak aldarrikatu zuen "emakume langileon zapalkuntzaren aurka egiteko borroka-eguna" dela Martxoaren 8a, "aurpegi zuriketarako erabiltzen duten alderdi politikoen, instituzioen eta enpresarien hitzontzikeriak alboratuta". Itaiak azaldu zuen egunaren "izaera iraultzailea berrartu" nahi duela, baita "alderdi sozialistek eta bertako emakume iraultzaileek emakumeon emantzipazioa bere muturreraino eramateko abiatu zuten borrokaren lekukoa hartu" ere.

Horri lotuta mobilizatu zen atzo: Euskal Herriko 26 herritan antolatu zituen mobilizazioak, Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara! lelopean. Arrasaten, Azkoitian, Azpeitian, Baionan, Basaurin, Beasainen, Bilbon, Donibane Garazin, Donostian, Durangon, Erromon, Garesen, Gasteizen, Gernikan, Hernanin, Irunen, Iruñean, Lakuntzan, Legazpin, Lizarran, Mendaron, Ondarroan, Portugaleten, Tolosan, Zarautzen eta Zestoan antolatu zituen manifestazioak eta elkarretaratzeak.

Matxismoa behin betiko ezaba dadin

"Gaur egungo testuinguruak antolatzeko eta mobilizatzeko beharra areagotu du", Itaiak atzo azaldu zuenez. Izan ere, seinalatu zuen, batetik, "Mendebaldeko gobernuek langileon bizi-baldintzak okertu dituztela eta estatuen izaera autoritarioa indartu dutela" eta, egoera horretan, "milaka emakume langileren miseria" handitu dela; eta, bestetik, gogorarazi zuen "ideia matxistak eta erreakzionarioak indartzen" ari direla.

"Ideologia erreakzionario horrek zuzenean eragiten digu emakume langileoi, besteak beste, emakumeon irudi otzana eta sexualizatua normalizatzen ari baitira", gaineratu zuen. Beharrezkotzat jo zuen, hala, "miseria ekonomikoa eta matxismoa indartzen ari diren agintarien, esplotatzaileen eta faxisten aurka borroka egitea, matxismoa behin betiko ezaba dadin".

Irtenbidea ez da etorriko ez alderdi instituzionalen ez instituzio kapitalisten bidez

Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, Itaiak argi esan zuen: "Soluzioa ez da etorriko alderdi instituzionaletatik. Arazoaren parte dira, Europako agintarien proiektua onartu baitute, zeinak gerrarako aukera, estatuen autoritarismoa eta langileon pobretzea dakartzan". Emakume langileen egoerari dagokionez, antolakundeak seinalatu zuen "instituzio kapitalistek emakumeon zapalkuntzarekin amaitzeko egiturazko mugak dituztela": "Emakume langileon bizi-baldintzak hobetzetik urrun, emakumeon zapalkuntzaren kudeaketara mugatu dira".

Eta, bestalde, "sozialdemokraziaren porrotak sortutako desatxikimenduak eskuinerantz eraman du gizarteko sektore handi baten pentsaera", Itaiak ohartarazi duenez. "Alderdi eta talde ultraeskuindarrek zein faxistek joera hori probestu dute sekulako interbentzio kulturala egiteko, ideia matxistak eta atzerakoiak gizarteko gero eta kapa gehiagotan zabalduz", antolakundearen hitzetan.

Emakumeon zapalkuntzaren aurkako borroka kalean

Atzo ondorio garbi bat atera zuen mahaira Itaiak, beste behin ere: "Instituzio kapitalistak ezin ditugu eraldaketarako bitarteko gisa ikusi". Iritzi dio, gainera, "instituzioei aldarrikapenak eta exijentziak egitera mugatzeak, azken urteetan feminismoaren baitako zenbait sektorek egin bezala, kale-mailako borrokak eta mobilizazioak lausotzea" eragin duela. Horren kontrara, Itaiak erreibindikatu zuen "lehentasunezkoa" dela "emakumeon zapalkuntzaren aurkako alternatiba joko-zelai parlamentariotik kanpo gorpuztea, alternatiba hori zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialistaren eraikuntzan kokatzea eta azken urteetan galdutako kale-mailako borroka eta antolakuntza indartzea".

"Datozen lekutik datozela, diskurtso matxistei eta erreakzionarioei aurre egiteko langile-klaseko kolektiboen arteko lankidetza ezinbestekoa da, eta hor emakume langileok lehen lerroan egon behar dugu", Itaiaren esanetan. Funtsezkotzat jo zuen, bide horretan, "guztiok kalitatezko bizi-baldintza berdinak izateko eta eskubide politikoak bermatuta izateko" borroka egitea.

"Egoera larria da. Emakume langileon zapalkuntzari aurre egingo dion langileon mugimendu iraultzailea eraikitzeko momentua da", adierazi zuen Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Horretarako, bi lan nagusi bereizi zituen: "matxismoaren eta bere oinarrian dagoen kapitalismoaren aurkako kontzientzia zabaltzea" eta "jarrera edo eraso matxistei erantzun irmoak ematea". Baina, "hori guztia gauzatzeko", uste du ezinbestekoa dela "emakume langileok lehen lerroan jardutea, emakumeon antolakunde indartsuak eraikiz eta emakumeok borroka prozesu horietan aktibo politiko izanez".

Bide mozketak goizean

Atzo goizean, hainbat emakumek egin zituzten bide mozketak Euskal Herriko hiriburu batzuetan, M8: emakune langileok sozialismoa eraiki lelopean. Zabalburuko errepideko sarrera moztu zuten Bilbon eta Sanduzelaikoa Iruñean. Gasteizen, berriz, tranbia bat geratu eta aldarriz bete zuten zenbait emakumek.

EZ DAGO IRUZKINIK