AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / @mosaaberizing (X)
2025/10/02 12:44

Gutxienez bi gazte erail dituzte Taroudanten, Marokoko hegoaldean, jendarmeriaren postu baten aurka ustez izandako "eraso kolektibo" baten ondoren. Marokoko agintaritzen bertsioaren arabera, Poliziak gazte talde baten kontra egin zuen tiro, instalazioaren zati bati eta ibilgailu bati su ematea lortu zutelako. Joan den larunbataz geroztik Marokon izan diren mobilizazio erraldoietako gertakaririk larriena izan da honakoa.

Genz 212 kolektibo anonimoaren (TikTok, Instagram eta Disque bezalako sareetan jaio zen) ekimenez hasi ziren protestak, eta 130.000 gazte baino gehiago mobilizatu dira azken egunetan. Agadirreko ospitale publiko batean haurdun zeuden zortzi emakume hil ostean, zabarkeria sanitarioak salatzeko piztu ziren protestak, baina berehala hedatu ziren bolbora bezala. Exijentzien artean daude osasungintza eta hezkuntza-sistema hobetzea, eta 2025eko Afrika Koparako eta 2030eko Munduko Txapelketarako estadioetan egindako gastu milioidunaren aurrean, aurrekontuetako lehentasunak aldatzea. Mohamed VI.aren indar errepresiboen basakeria poliziala ere jarri dute jopuntuan manifestariek.

Protestak areagotu egin dira, gainera, Poliziaren karga gogorren ondotik. Mobilizazioak zapaltzeko, gas negar-eragileak, benetako munizioa eta kotxe bidezko harrapaketak erabili dituzte agenteek hainbat hiritan, zenbait Gobernuz Kanpoko Erakundek eta tokiko testigantzek nazioarteko hedabideetan jaso dutenez.

"Ez dugu Munduko Txapelketa nahi, ospitaleak nahi ditugu" bezalako esloganak entzun dira kaleetan; eta ustelkeria, gazteen langabezia (%35-47 artekoa une honetan) eta inflazioa kritikatu dituzte. Ohartarazi dute, kalitatezko zerbitzu publikoetara bideratu beharrean, milioiak xahutzen ari direla kirol-ekitaldietan. OMEren kalkuluen arabera, Marokon, batez beste, zortzi mediku baino ez daude 10.000 biztanleko. OMEk 25 gomendatzen ditu, minimo gisa.

Urriaren 1etik 2rako gauean, istiluak ugaritu egin dira: Salen, gazte batzuek bankuei, polizia-ibilgailuei eta saltokiei su eman diete; Marrakexen, polizia-etxeei eraso diete; eta hegoaldean, Sidi Bibi eta Biougra eskualdeetan kasu, arpilatzeak, errepide-mozketak eta eraikin ofizialen erreketak izan dira. Casablancan eta Oujdan, berriz, kontzentrazioak lasaiagoak izan dira, ustelkeriaren, bizitzaren garestitzearen eta Aziz Akhannouch lehen ministroaren aurkako oihuekin. Oujdan, manifestari bat bortizki harrapatu dute poliziek; eta sareetan zabaldutako bideoek gas negar-eragileak, munizio erreala eta auto bidezko harrapatzeak baieztatzen dituzte.

Barne Ministerioak ofizialki aitortu du, asteartean soilik, 23 zibil zauritu zituztela indar errepresiboek, baina gehiago izan daitezkeela uste da. 409 atxiloketa zenbatu dituzte, eta horietatik 193 pertsonari "suteak", "erasoak" edo "desordenak" eragitea egotzi dizkiete, antza. Bitartean, AMDH eta Amnistia Internazionala bezalako erakundeek atxiloketa arbitrarioak, polizia-indarkeria eta askoz ere larriagoa den dimentsio errepresiboa salatu dituzte. GenZ 212 mugimenduak protestarako deiari eusten dio, ordea, oinarrizko eskubideak eta bizi-baldintzen hobekuntza aldarrikatuz.

EZ DAGO IRUZKINIK