AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
@elnacionalcat
2019/10/14 20:37

Gaur, urriak 14, Kataluniako erreferendumaren auzian epaitutako kargudunen aurkako ebazpena jakinarazi du Espainiako Auzitegi Gorenak. "Sedizioa" leporatuta (batzuen kasuan, baita "diru publikoaren erabilera bidegabea" ere), bederatzi eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete auzipetutako bederatzi kideri. Kartzelan daude gaur gaurkoz, eta epaia indarrean sartuta, preso jarraitu beharko dute.

Auzitegi Gorenaren ebazpena kaleratu bezain pronto piztu dira protestak Kataluniako kaleetan, erantzun modura. Hala, besteak beste, Bartzelonako Prat aireportua hartu eta blokeatu dute milaka pertsonak, eta gutxienez 67 hegaldi etetea lortu dute, Berria-ren arabera.

Kargak eta zaurituak

Espainiako Polizia zein mossoak bertaratu dira Pratera, eta gogor oldartu dira manifestarien aurka. Nació Digital atariak azaldu duenez, gerrialdetik gora erasotu dituzte protestan zeuden pertsonak, eta praktika ilegala litzateke hori. Gainera, salatu dute FOAM jaurtigaiak erabili dituztela mossoek manifestariak erasotzeko. Hala, blokeoan parte hartzen ari ziren pertsona ugari irtenarazi dituzte poliziek arratsaldean. Hainbat mediok argitaratutako datuen arabera, guztira, 130 pertsona inguru zauritu dituzte. Begia galdu du haietako batek.

Bestalde, goizetik, dozenaka errepide eta bide moztu dituzte Katalunian, EFE agentziaren arabera. Besteak beste, C16 errepidea Sant Cugat del Vallés-en, A2 errepidea Òdenan, edota T-315 errepidea Reusen.

Madrilen ere berehalako erantzuna izan du epaituen aurkako ebazpenak. 1.200 auto bildu dira Barajasen, bertako aireportua ere blokeatzeko.

Mobilizazioak gurean

Euskal Herrian ere hautsak harrotu ditu Auzitegi Gorenaren epaiak, eta hamaika elkarretaratze antolatu dituzte hamaika txokotan. Tartean, Ikasle Abertzaleek elkarretaratzera deitu dute Hego Euskal Herriko campusetan. Bihar, urriak 15, izango dira protesta guztiak.

Hona hemen Ikasle Abertzaleen deialdiak campusetan, biharko:

  • Bilbo (Bizkaia). 12:30ean, Sarriko fakultatearen sarreran.
  • Leioa (Bizkaia). 13:00etan, liburutegi aurrean.
  • Ibaeta (Gipuzkoa). 13:00etan, liburutegi aurrean.
  • Iruñea (Nafarroa). 11:45ean, Liburutegi plazan.
  • Gasteiz (Araba). 12:45ean, Elurretan.
EZ DAGO IRUZKINIK