AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Kalera atera dira UAB-eko ikasleak. Argazkia: SEPC UAB
2019/10/14 11:53

Gaur, urriak 14, Kataluniako erreferendumaren auzian epaitutakoen aurkako epaia jakinarazi du Espainiako Auzitegi Gorenak. 2017. urteko urriaren 1eko erreferenduma dela-eta "sedizioa" egotzi diete bederatzi kargudun politikori, eta bederatzi eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete: 13 urtekoa Oriol Junquerasi (Generalitateko presidenteorde zena), 12 urtekoa Raul Romevari (Atzerri kontseilaria), 12 urtekoa Jordi Turulli (Presidentetza kontseilaria), 12 urtekoa Dolores Bassari (Lan eta Gizarte Gaietarako kontseilaria), 11 urtekoa Carme Forcadelli (parlamentuko presidentea), 10 urtekoa Joaquin Forni (Barne kontseilaria), 10 urtekoa Jordi Rulli (Lurralde Antolaketako Kontseilaria), 9 urtekoa Jordi Sanchezi (ANCko presidentea), eta 9 urtekoa Jordi Cuixarti (Omniumeko presidente zena). Kartzela zigorrez gain, bederatzi eta 13 urte bitarteko inhabilitazioak ezarri dizkie Auzitegi Gorenak. Egun espetxean daude bederatzi kideak, beraz, preso jarraitu beharko dute.

Bestetik, "desobedientzia" leporatuta zigortu dituzte Santi Vila (Kultura kontseilari ohia), Carles Mundo (Justizia kontseilaria), eta Meritxell Borras (Gobernazio, Administrazio Publiko eta Etxebizitza kontseilaria). 60.000 euroko isun ekonomikoa ordaindu beharko dute, eta urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa ere ezarri diete.

Mobilizazioak Euskal Herrian

Auzitegi Gorenaren epaiak protestak piztu ditu Katalunian. Besteak beste, unibertsitateetako ikasleak hainbat zutabetan bildu dira, eta kaleak hartu dituzte. Euskal Herrian ere hamaika txokotan deitu dute mobilizaziora; tartean, elkarretaratzeak antolatu dituzte Ikasle Abertzaleek biharko, urriak 15, Gasteizko (Araba), Leioako (Bizkaia), Iruñeko (Nafarroa), Ibaetako (Gipuzkoa) eta Bilboko (Bizkaia) campusetan. 12:45ean elkartuko dira Gasteizen, Elurretan. Leioan 13:00etan jarri dute hitzordua, liburutegi aurrean, eta Iruñean, aldiz, 11:45ean, Liburutegi plazan. Ibaetan liburutegi aurrean bilduko dira, 13:00etan, eta Bilbon Sarriko fakultatearen sarreran egingo dute protesta, 12:30ean.