AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/22 09:32

Larunbatean, Gasteizen (Araba) egin zuten agerraldi bat bertako hainbat kolektibok, kale-egoeran dauden asilo-eskatzaile maliarrentzako bizitoki-alternatiba bat eskatzeko. Salatu zuten egoera "jasangaitza" dela, eta berehalako aterabide bat exijitu zuten, baita asilo-tramiteak bizkortu ditzatela ere: hainbati 2028ko ekainerako eman dizkiete administrazio-hitzorduak, eta ez daukate inolako bermerik edo alternatibarik bitartean.

"Asiloa eskatzen duten dozenaka pertsonak uda hasieratik egiten dute lo Salburua auzoko kalean, Espainiako Poliziaren bulegoen aurrean", gogorarazi zuten prentsaurrekoan: "Kaltetutako pertsona gehienak Malitik datoz eta gerraren eta pobreziaren ondorioz ihes egin behar izan dute". Euren asilo-eskaerak tramitatzeko zain dauden denboran, kalean bizi beste aukerarik ez dute; "hotza pasatuz, sukaldatu ezinik, garbitu ezinik", eta eskubide politiko eta zibilak "erabat etenda". Eta gaineratu zuten: "Ia ez dira existitzen pertsona gisa, kriminalizatuak ala jazarriak izateko ez bada".

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak hilabeteak daramatza egoera salatzen, eta larunbateko agerraldiaren bidez, salaketaren bat egin zuten Judimendiko Auzo Elkarteak, Zazpigarren Alaba Auzo Elkarteak, Auzoan Bizik, Tinkuy Migratzaileen Kolektiboak, Argilan-ESK-k, ESK-k, Gasteiz Antiarrazistak, Gasteizko Arrazakeriaren Kontrako Asanbladak eta Wayra Emakume Taldeak. 

Berehalako bizitoki-alternatiba bat eta tramiteak azkartzea

Agerraldian salatu zutenez, kalean lo egitera behartuta daude asilo-eskatzaileak, Gasteizen "hutsik dauden 7.000 etxebizitza baino gehiago eta inolako erabilerarik gabeko dozenaka eraikin" dauden bitartean. "Ezin da izan alde batetik milaka etxe hutsik egotea eta bestetik milaka pertsona kalean", seinalatu zuten: "Hori ahalbidetzen duen sistema, huts egin duen sistema da".

Gogor gaitzetsi zuten, bestalde, asilo-eskaeren tramiteak hainbat urtez luzatzea: "Ez da posible tramite burokratiko batzuetarako segundoak behar izatea eta asiloa tramitatzeko urteak". Horregatik zioten eskubideak eskuratzeko orduan "neurtzeko makila bikoitza" dagoela.

Egiturazko arrazoiak

Hori guztia egiturazko kausekin lotu zuten dena den: "Kontraesan horiek egunerokotasuna baino ez dira, gutxi batzuen eskuetan aberastasuna eta gehiengoarentzat miseria pilatzen dituen sistema kapitalista batean". Horregatik, aldarrikatu zuten pertsona etorkinekiko elkartasuna ez dela "gizatasun kontua" soilik, "klase-elkartasun ekintza" bat baizik.

Gaur egungo egoera testuinguruan jarrita, gainera, gorakada erreakzionarioaz eta "migratzaileei gizatasuna kentzeko arrazakeriaren erabileraz" ohartarazi zuten aipatutako kolektiboek: "Haien inguruabarrak ezagutzen ez badituzu, karikaturizatu, kriminalizatu eta deshumanizatu ditzakezu".

"Antolatutako langile-klasea izan da babesa"

Gasteizko Udalak (PSOE) duela gutxi esan du 100.000 euro bideratuko dituela egoerari aurre egiteko, baina zuhurtziaz hitz egin zuten prentsaurrekoan bildutako eragileek, "benetako bizitegi-alternatiba bat eskaintzeko promesa zertan geratzen den" ikusi arte.

Hain zuzen ere, gogorarazi zuten, "erakundeen utzikeriaren aurrean, antolatutako langile-klasea izan dela babesa" kale-egoeran dauden pertsona horientzat; "elikadura eta botikak ematen aritu dena" besteak beste. "Etxebizitza alternatiba orain! Asilorako eskubidea! Eskubide berberak guztiontzat!", erreibindikatu zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK