AKTUALITATEA / Faxismoa
Lyonen, antifaxisten aurkako segada batean parte hartu zuen faxista bat hil da
Barra metalikoekin armaturik kargatu zuten antifaxisten aurka aurreko ostegunean. Hildako gaztea erasotzaileetako bat zen, eta uko egin zion liskarraren ondoren zerbitzu medikoek artatzeari.
2026eko otsailaren 17
Lyonen, antifaxisten aurkako segada batean parte hartu zuen faxista bat hil da
— ARGAZKIA Contre Attaque

Lyongo istiluetatik lau egunera, eta Quentin Deranque izeneko gazte faxista zendu ondoren, hedabideek zabaldu duten eta fiskaltzak bere egin duen bertsioa gezurtatu dute hainbat frogak. Bertan egon zen lekuko batek baieztatu duenez eta Contre Attaque atariak zabaldutako bideo batek erakutsi duenez, armaturik zeuden hogei bat faxistak segada bat egin eta antifaxista talde baten aurka oldartu ziren ostegunean.

Barra metalikoak, makuluak eta gasa zeramatzaten erasotzaileek, eta Victor Lagrange kaleko bidegurutzean jo zuten erasora. Irudiek argi eta garbi antolatuta erakusten dituzte faxistak, borrokarako prest; kontakizun ofizialak, berriz, "debaldeko eraso bateko biktima babesgabe" gisa aurkeztu du Deranque.

Gertakariak ikusi zituen lekukoak azaldu du faxistak "kaleko bi izkinetan kokatuta" zeudela, "armatuta eta kaputxekin". Hogei bat omen ziren eta "bengala gori bat erabili zuten etsaiak erretzeko", testiguaren hitzetan. Informazio hori bat dator Mediapart-ek jasotako lekukotzarekin, bizilagun batek azaldu baitzuen borrokan "ke-sortzaile" bat bota zutela. Konfrontazioak bost minutu baino gehiago iraun zuen, eta zenbait zauritu utzi zituen antifaxisten artean, taldeak sakabanatu baino lehen.

France Info-ren arabera, bizilagun batek jakinarazi du Quentin Deranque, "ezustean erasotako biktima errugabea" izan beharrean, eskuin muturrak aurkeztu nahi duen bezala, talde erasotzailearen parte zela; eta, borrokaren ondoren, uko egin ziola zerbitzu medikoek artatzeari. Xehetasun erabakigarri hori, prentsak sistematikoki aipatu gabea, kontraesanean dago azken egunotan eraikitako narratibarekin, "katoliko, filsofiaren maitale eta antifaxistek odol hotzean eraildako ez-biolento" gisa deskribatu baitute gaztea. Lyongo Fiskaltzak, ezkerreko eta eskuineko klase politikoak eta komunikabide nagusiek bertsio hori errepikatu dute ñabardurarik egin gabe, eta antifaxismo militantearen kriminalizazio-kanpaina indartu dute.

Faxistek, "biktima babesgabeak" izan ordez, arma zuriz hornitutako talde antolatu gisa jokatu zutela erakutsi dute hainbat informaziok, eta gertakarien irakurketa politikoa erabat iraultzen du horrek. Faxismoak eta haren bozgorailu mediatikoek salbuespenezko neurriak eskatzen dituzte antifaxisten aurka eta ondorioak iragarri dituzte kaleetan, eskalada biolentoaren benetako erantzuleak "martiri" gisa aurkezten dituzten bitartean.

Lyonen, antifaxisten aurkako segada batean parte hartu zuen faxista bat hil da

Barra metalikoekin armaturik kargatu zuten antifaxisten aurka aurreko ostegunean. Hildako gaztea erasotzaileetako bat zen

🔗 https://t.co/jDUGYCascN pic.twitter.com/71n5QWDfLA

— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) February 17, 2026