AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ikasle Abertzaleakek joan den Eskola Ibiltarian ateratako elkartasun argazkia.
2023/09/04 11:28

Aurrera doa Leioako 5en kontrako prozedura judiziala: irailaren 27an epaituko dituzte Bilbon (Bizkaia), eta ikaragarri altuak dira haien aurkako zigor-eskaerak. Guztira, 45.000 euroko isunak eta 40 urteko espetxe-zigorrak eskatzen dituzte haientzat. Auzipetutako biren kasuan, hamazazpina urtekoak dira eskaerak.

2016an atxilotu zituzten Leioako 5ak, Leioako (Bizkaia) campusean egindako ikasle mobilizazio batean. Manifestazio horretan, ikasle mugimendua jasaten ari zen errepresioa eta jazarpena salatu zuten ikasleek, eta aurretik egindako bost exijentzia helarazi nahi zizkioten Euskal Herriko Unibertsitateari (EHU/UPV). Besteak beste, 2016ko martxoan Bilboko Herri Unibertsitatetik Ertzaintzak indarrez kanporatutako ikasleei espediente diziplinariorik ez irekitzea, 2016ko martxoko ikasle grebaren harira EHUk salatutako Gasteizko (Araba) ikasleen kontrako neurriak atzera botatzea, edota greba bateko piketeen harira EHUk salatutako Leioako ikasle baten egoeran esku hartzea exijitu zioten unibertsitateari.

Aurretik egin bezala, ordea, EHUk entzungor egin zien ikasleen exijentziei. Lehenengo, campuseko segurtasun-zerbitzuko polizia oldartu zen protestan ari ziren ikasleen kontra, eta, gero, Ertzaintza enegarrenez sartu zen unibertsitatera. Ertzainek eraman zituzten atxilo Leioako 5ak.

Auzipetutako lagunetatik bik, Gabi Daraspek eta Ander Mazkiaranek, iaz azaldu zioten GEDAR LANGILE KAZETAri 2016an eta horren ostean gertatutakoa, elkarrizketa honen bidez.

Mobilizazioak laster

Twitter (@leioakoaske) eta Instagram (@leioakoakaske) kontuak argitaratu dituzte Leioako 5ek joan den asteburuan, eta horien bidez jakinaraziko dituzte berriak. Aurreratu dute, gainera, datozen asteetan mobilizazioak izango direla. Sare sozialen bidez emango dute horien berri.

Bestalde, epaiketari loturiko gastuei eta heltzear diren zigor ekonomikoei aurre egiteko, Elkartasun Kutxa bat daukate martxan. Ondoko loturan egin daitezke ekarpenak: https://www.helloasso.com/associations/elkartasun-kutxa/formulaires/3

EZ DAGO IRUZKINIK