Guardian enpresak gaurko ezarri zuen Laudioko (Araba) labearen itzalketa, eta, horren aurrean, protestara jo du plantillak. Goizeko 05:00etarako, fabrikako sarreran zeuden langileak, lantegiaren itxiera eta kaleratze masiboa ekarriko dituen itzalketaren aurka protesta egiteko. Beste lantoki batzuetako beharginak eta Aiaraldeko bizilagun ugari ere bertan izan dira, elkartasunez: 200 bat lagun elkartu dira denera. Ertzaintzaren presentzia handia izan da.
Labearen amatatze-lanak egin ahal izateko, kanpoko langile batzuk sartu ditu enpresak, goizaldetik. Eusko Jaurlaritzako eta Osalaneko teknikariak, baina, ez dira hasieratik bertaratu. Enpresa-zuzendaritzak berdin-berdin jarri du martxan itzalketa-prozesua (iturri batzuen arabera 08:00etarako agindua emanda zeukan jada), harik eta, goizak aurrera egin duenean, Jaurlaritzako teknikariak ere agertu diren arte.
Guardianeko ordezkariek, Jaurlaritzakoek eta sindikatuetakoek denbora luzez hitz egin dute labea amatatzeko moduari buruz, baina eguerdirako heldu da azken erabakia: multinazionalaren hasierako planari eutsi eta behin betiko geratuko dute labea, gaur bertan. Gobernuaren babesarekin ari dira labea amatatzen, ontzat eman baitu enpresak aurrez hartutako erabakia: itzalketa-prozesua ikuskatzen ari dira gobernuko teknikariak, inolako oposiziorik jarri gabe. Lantokia zarratzeak 170 langile baino gehiago utziko ditu kalean.
Jaurlaritzak eta Guardianek atzo lortu zuten akordio bat: labea itzaltzeko modua zehaztu zuten, eta ez zuten inolako neurririk hartu itzalketaren eta fabrikaren itxieraren aurka. Jaurlaritzak ziurtatu du ordezkari sindikalei atzo bertan eman zizkietela akordioari eta amatatze-prozesuari buruzko xehetasunak.
Greba mugagabea bertan behera utzi dute sindikatuek
Berez, ELA eta LAB sindikatuek osatzen duten langile-batzordeak greba mugagabera deitu zuen Guardianen, eta bihar zen hastekoa lanuztea. Sindikatuek oraintsu jakinarazi dute, ordea, bertan behera utzi dutela borroka-deialdia. Erabaki hori justifikatzeko, esan dute ez dutela lortu labearen itzalketa gelditzea. Grebaren ordez, mobilizazioak antolatuko omen dituzte.
Beharginek sarri ohartarazi dute labea gelditzeak ezdeus bihurtuko lukeela fabrika. Hala ere, Laudioko alkate Ainize Gastakak goiz honetan bertan zioen "atzerriko gutxienez enpresa batek interesa erakutsi" duela, Laudioko lantegiko jardunari jarraipena emateko. Jaurlaritzaren azken adierazpen batzuk ere norabide horretan doaz, aditzera eman baitu inbertitzaileren batekin elkarrizketak izan dituela. Ez udaleko ez Jaurlaritzako agintariek ez dute xehetasunik eman.