AKTUALITATEA / Soldata sistema
Larri zauritu da langile bat Ollokin, altueratik jausita
Cinfa konpainiaren industria-nabe berriaren eraikuntzan ari da lanean behargina, eta hausturak ditu burezurrean erorikoaren ondorioz. Bestalde, garraiolari batek ere izan zuen lan-istripua ostiralean; irauli egin zen gidatzen ari zen kamioia.
2022eko maiatzaren 23
Larri zauritu da langile bat Ollokin, altueratik jausita

Joan den ostiralean, gutxienez bi lan-istripu izan ziren Euskal Herrian. Goizean, 10:30ak aldera, larri zauritu zen langile bat Ollokin (Nafarroa), soldatapean lanean ari zela. Cinfa konpainiaren industria-nabe berria eraikitzeko obran jarduten du, eta hiru metroko altueratik amildu zen. Horren ondorioz, hausturak jasan zituen burezurrean, eta larri eraman zuten Nafarroako Unibertsitate Ospitalera; Zainketa Intentsiboko Unitatean dago. Atarrabiakoa (Nafarroa) da behargina, eta 60 urte ditu.

Gasteizen (Araba) ere ostiral goizean jasan zuen lan-istripua beste langile batek, 08:00ak aldera. Gaztelako Ate Azpiko zubiaren egitura jo zuen gidatzen ari zen kamioiak, eta irauli egin zen. Suhiltzaileek, dena den, onik atera zuten langilea ibilgailu barrutik.