AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Onda Vasca
2024/04/09 14:57

Borrokan jarraitzen dute Bizkaiko kiroldegietako langileek, eta hamar lanuzte egingo dituzte apirilean eta maiatzean zehar. Greban izango dira, hain justu, apirilaren 10ean, 11n, 12an, 13an, 15ean eta 16an; bai eta maiatzaren 7an, 8an, 9an eta 10ean ere. 2022ko abenduaren 31an agortu zen sektoreko hitzarmen kolektiboa, eta itun berri bat adosteko elkarrizketak izan diren arren, oraindik ez dago akordiorik.

Langileek, besteak beste, sektorean nagusi den partzialtasuna salatu dute, eta azaldu dute ez dagoela ia lanaldi osorik. Soldatak oso baxuak direla ere jakinarazi dute, eta, oraingoz, Kontsumoko Prezioen Indizearen (KPI) azpitik dauden soldata-igoerak baino ez dituzte proposatu enpresek. Hori gutxi balitz, familia-kontziliaziorako neurriak ez daude bermatuta sektorean, eta etengabe exijitzen diete une oro eskuragarri egotea edo ordutegi-aldaketetara egokitzea.

Aurreko abenduan ekin zieten lanuzteei kiroldegietako beharginek, eta joan den otsaileko greba deialdietan, esaterako, langileen %90 batu ziren. Dena den, oraindik ez dute lortu enpresei langileen eskaerak betearaztea, eta mobilizazio gehiago antolatu dituzte aste hauetarako. Bihar, hilaren 10ean, mobilizazioak izango dira Bilbon, Sestaon, Galdakaon, Zallan, Sopelan, Elorrion, Derion nahiz Leioan.

Bizkaiko kiroldegietan 2.000 langile inguruk jarduten dute soldatapean, baina azpikontratazio bidez aritzen dira. ELA, CCOO eta LAB sindikatuek egin dituzte lanuzterako deialdiak.

EZ DAGO IRUZKINIK