AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: UIB
2019/11/29 12:52

Atzo, hilak 28, mobilizazio eta salaketa eguna izan zen EHUko hainbat campusetan, Unibertsitateko Indar Batasunaren eskutik. Batetik, Odontologiako ikasleek mobilizazioa egin zuten Leioako (Bizkaia) campusean, euskarazko ereduan matrikulatuta dauden ikasleek bizi duten egoera salatzeko. Izan ere, ohar bidez azaldu zutenez, euren ikasketak "behar bezala burutzeko ezintasuna" da nagusi euren egunerokoan. "Baldintza kaxkarrak" eta "etengabeko baliabide falta" aipatu zituzten; adibide modura, bajan dauden irakasleek ordezkaririk ez dutela adierazi zuten, eta ondorioz, izatez euskaraz izan beharko luketen ikasgaiak gazteleraz jaso behar izan dituztela adierazi dute ikasleek.

Horrez gain, materialaren eta ordutegiaren arloan ere, EHUk "oztopoak" jarri dizkietela diote. Esaterako, euskaraz matrikulatutako taldean, irakasgai batean ez zuten irakaslerik izan urriaren 15era arte. Gabezia horren aurrean, euskarazko taldearen ebaluazio irizpideak aldatu zituen EHUk. Hala ere, unibertsitateak lau aldiz aldatu omen du iritzia gaiaren inguruan; azkena, azterketa baino bi aste lehenago, hilaren 19an. Azterketa berdina egin beharko zutela esan zieten orduan. Kexa ugari jaso ostean froga moldatzeko asmoa adierazi dute EHUkoek, aste honetan bertan. Bitartean, ziurgabetasun egoera eta fakultatearen "antolakuntza eta seriotasun falta" ikusirik, erantzun antolatua ematea erabaki dute ikasleek.

Gasteizko (Araba) campuseko Jarduera Fisiko eta Kirolaren Zientzietako Graduko (JFKZ) ikasleek, berriz, kexa bat aurkeztu dute praktika aldien "egituraketa desegokia" salatzeko. Ohar bidez jakinarazi dutenaren arabera, euren ikasketa arloari loturiko lanbideetako praktikek ikasketa planaren baitan "garrantzia gutxiago" dute,  beste ikasketa gradu batzuekin alderatuta. Hala ere, praktika horiek burutzea beharrezkoa da euren formakuntza akademikoan sakondu ahal izateko. Ikasketa programaren parte diren kreditu guztiak eskuratzeko, ordea, JFKZko ikasleek ezinbestean bete behar dituzte gainontzeko ikasgai teorikoak ere. Horiek, baina, "ageriko solapamendua" aurkitzen dute praktiketako ordutegiarekin.

Ikasleek, beraz, lanbideko praktiken eta unibertsitateko ikasketen arteko bateraezintasun egoeran aurkitzen direla salatu dute. Eredu horrek eurentzat hainbat egoera irregular sortzen dituela azaldu dute; hala nola, praktikak burutzen dituzten herrietara etengabeko joan-etorriak, klaseen eta praktiken artean aukeratu beharra, edota goizeko 09:00etatik gaueko 22:00etara bitartean luzatzen diren ordutegi luzeak. Beraz, "ikasle guztiek praktikak arazorik gabe aurrera eraman ahal izateko", horien egituraketa "berrikustea" eskatzen diote EHUri.

EHUren aurpegi garbiketa

Bestalde, unibertsitateetako garbiketa zerbitzuko beharginek mobilizazioekin jarraitzen dute EHUko campusetan. Unibertsitateko Indar Batasunako kideak haien aldamenean izan ziren atzoko protestetan ere; eta Ez zaudete bakarrik! adierazi zieten ikasleek. Esaterako, Leioako campuseko garbitzaileek eta ikasleek errepide mozketa egin zuten egunsentian; Gasteizko (Araba) campusean, elkarretaratzea egin zuten bigarrengoz langileek, UIBk eta GUETek; eta Ibaetako (Gipuzkoa) campusean, pankartak eskegi zituzten ikasleek, langileei babesa adierazteko.

Indarrak batuz

Duela bi aste hasi ziren ikasleak garbitzaileen mobilizazioekin bat egiten. Gasteizko campuseko UIBko ikasleek egin zuten aurtengo lehen elkarretaratze bateratua, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Garbiketako beharginak ere aritu dira elkarlanean ikasle mugimenduarekin; esaterako, GUETek antolatutako jardunaldietako mahai inguru batean parte hartu zuten duela hainbat egun. Adinekoen egoitzetako langileek eta emakume pentsionistek ere hartu zuten hitza mahai inguruan.