AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Unibertsitateko garbiketako langileak, UIB eta GUETeko militanteekin batera. Argazkia: @hara_ba
2019/11/08 13:25

Atzo, azaroak 7, Gasteizko campuseko garbitzaileek elkarretaratzea egin zuten Lakuan (Gasteiz, Araba), ikasle mugimenduko hainbat kiderekin batera. Hala, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean elkartu ziren garbitzaileak, Unibertsitateko Indar Batasunako militanteak eta Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeko kideak. Unibertsitateetako garbitzaileen sektoreko langileek urte luzez eskatu duten lan hitzarmena izan zuten aldarri oraingoan ere.

Azken urteotan beharginek egin dituzten mobilizazio ugarien aurrean, instituzio publikoak "entzungor" mantendu direla salatu dute berriro garbitzaileek. Horregatik, aurten ere borrokari heltzea erabaki dute.

Aurretik ere langileei elkartasuna adierazi die ikasle mugimenduak, mobilizazioekin bat eginez eta antolakuntza forma desberdinak baliatuz. Oraingoan, UIB eta GUET izan dira beharginei babesa helarazteaz arduratu direnak.

Joan den ikasturtetik azaldu dutenez, UIBk "Unibertsitateko langile sektore desberdinen batasuna erdiestea" du apustu estrategikotzat. Hala, borrokan ari diren garbitzaileekin bat egin dute orain ere.

Emakume langileak borrokan

Azken urteetan hamaika borrokak azaleratu dute lan feminizatuetako errealitatea. Horren eredu dira, esaterako; Gipuzkoako adinekoen egoitzetako beharginek martxan jarritako greba luzea, Elorrioko Udaleko garbitzaileek bizitako gatazka, edota sektore bereko soldata berdintasunaren alde Nafarroan mobilizazioak egin dituzten emakume langileen kasua.