"Doako unibertsitatearen aldeko borrokak bere fruituak ematen jarraitzen du: lehen negoziazio-mahairako deia jaso dugu". Hala jakinarazi du Unibertsitateko Indar Batasunak (UIB) bere sare sozialetan. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) errektoretza berria izendatua izan bezain pronto, negoziazio-mahai bat eratu zedila exijitu zuen UIBk, matrikula merkeagoen eta beka hobeen aldeko borrokan. Eta lortu du.
UIBk ikasturtearen hasieran eman zuen doako unibertsitatearen aldeko kanpainaren berri. Sinadura-bilketa baten bidez, lehenengo lauhilekoan, 10.000 ikaslek baino gehiagok babestu zuten aldarria. Errektoretzako hauteskunde garaian, "promesak betetzeko" eskatu zuten mobilizazio batzuen eskutik; eta urtarrilean, errektore berriak kargua hartu zuenean, bildutako sinadura guztiak entregatu eta negoziazio-mahai bat sor zedila eskatu zuten UIBko kideek. Martxoaren 13an, gainera, milaka ikaslek jo zuten grebara, eta erdigunera eraman zuten doako unibertsitatearen aldeko aldarria ere, besteak beste.
"Hilabete luzetako borrokak eta ikasle-antolakuntzak egindako presioari esker, negoziaketa-mahairako lehen deia jaso dugu", azaldu zuen atzo UIBk: "Alabaina, borrokak ez du etenik". Salatu duenez, ikasleen "egoera okertzen" ari da; "gure gaitasun ekonomikoa murrizten, eta unibertsitatea garestitzen". Horren kontra, beharrezkotzat jo du ikasleen "baldintzak hobetzea", eta uste du "horretarako bide bakarra" dela "borroka eta presioa egiten jarraitzea". Horiek horrela, aurreratu du "ikasturtearen azken txanpan ere" mobilizazioak egingo dituztela ikasleek.