AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Elkarretaratzea Ondarroan: Argazkia: OGA Ondarru
2020/05/18 08:40

Astebete igaro da Patxi Ruiz preso politikoak, presoen eskubideen defentsan eta protesta modura, gose eta egarri grebari ekin zionetik Murtzia II espetxean. Atzo, igandea, hasitako borroka "berretsi" eta ahaideei adierazi zien "amaieraraino iristeko prest" dagoela.

"Jesus Hernandez buru duen zuzendaritzarekin biltzera eraman eta heriotza mehatxuak egin zizkiotenetik, kartzelako ezein arduradun ez da Patxirekin hitz egitera hurbildu", salatu du AAEAMek.

ELKARTASUNA KARTZELETAN LORATUZ

Saioa Sanchez eta Itziar Moreno preso politikoak ere batu dira borrokaldira. Rennesen (Bretainia) dituzte giltzapean, eta janariaren bandejari uko egiten hasi dira. Rennesen dauden lau preso politikok gutunak helarazi dizkiete Rennesko eta Murtzia II-ko zuzendariei, Ruizen aurkako "jazarpena eten dezaten".

Murtzia II-n Mikel San Sebastian preso politikoak ere ezezkoa eman dio janariaren bandejari maiatzaren 14tik, Ruizek hasitako borrokaldiari elkartasuna adierazteko. Hasiera batean gose greba mugagabean zegoela aditzera eman bazuten ere, AAEAMek argitu du gaurkoa izango dela lesakarraren azkeneko barau-eguna.

Bestalde, borrokan jarraitzen dute egunotan elkartasun ekintzei ekin dieten hainbat preso politikok: Ibai Aginaga eta Jon Kepa Preciado "txapeoan" daude oraindik, eta janariaren bandejari ezezkoa ematen ari dira Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano.

TXANDAKAKO BARAUALDIA GASTEIZEN

Gasteizen (Araba), txandakako baraualdia hasiko dute gaur hiriburuko hainbat militante sozialistak, Ruizek "abiatu duen borrokarekin bat eginik eta egoeraren larritasuna ikusirik". "Basakeria kapitalistaren aurpegi gordinenetakoa da espetxea eta, hortaz, barruan egonik instituzio honen diziplinamenduari aurre egiten dioten kideei elkartasuna adieraztea ezinbestekoa zaigu", azaldu dute.

Bi eguneko baraualdiak egingo dituzte, bata bestearen jarraian. "Ezinbestekoa iruditzen zaigu kartzelan borrokaldiak abiatu dituzten kideekin bat egitea eta norabide horretan ekarpena egitea, baldintzarik gabeko amnistiaren aldarrikapena zabalduz", diote.

Ezkerraldean (Bizkaia) gose greban segitzen dute AAEAMeko hiru kidek, eta seigarren eguna beteko dute gaur. Ondarroan (Bizkaia), txandakako baraualdiak egingo dituzte hamabost bat gaztek. Deustuko Armada Gorriko kideek txandakako barau-egunei ekin zieten maiatzaren 15ean. Horretaz gain, asteburuan 48 orduko gose greba egin dute Bilboko (Bizkaia) sei lagunek eta Ezkerraldeko bi pertsona gehiagok.

MOBILIZAZIOAK TOKIAN TOKI

Elkartasun keinuen barruan, Euskal Herriko kaleetan mobilizazio ugari antolatzen ari dira egunotan. Atzo, igandea, ondorengo herrietan izan ziren elkarretaratzeak, besteak beste: Algortan (Bizkaia), Astrabuduan (Bizkaia), Barrikan (Bizkaia), Berangon (Bizkaia), Bermeon (Bizkaia), Erromon (Bizkaia), Iruñean (Nafarroa), Itsasu eta Kanbo (Lapurdi) arteko biribilgunean, Lekunberrin (Nafarroa), Mutrikun (Gipuzkoa), Ondarroan, Plentzian (Bizkaia), Sopelan (Bizkaia), Tolosan (Gipuzkoa), Urdulizen (Bizkaia), Urruñan (Lapurdi), Zaldibian (Gipuzkoa), Zarautzen (Gipuzkoa), Zornotzan (Bizkaia), edota Zumaian (Gipuzkoa).

Izatez, iluntzerako, manifestazioa zegoen deituta Txantrean (Iruñea, Nafarroa), baina Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak debekua ezarri zion deialdiari. Hala, Iruñeko erdigunera mugitu zuten protesta, eta PSOEren egoitzaren aurrean bildu ziren ehunka pertsona.

Gaurko ere badira hainbat deialdi:

  • Baionan (Lapurdi), 17:30ean Herriko Etxearen aurrean.
  • Bermeon, 20:00etan batzokiaren aurrean.
  • Bilbon, 20:30ean Etxebarrieta Anaien plazan.
  • Donostian (Gipuzkoa), 20:15etan Bulebarrean.
  • Durangon (Bizkaia), 20:00etan Santanan.
  • Hernanin (Gipuzkoa), 20:30ean Gudarien Plazan.
  • Iruñean, 20:30ean San Frantziskotik.
  • Ondarroan, 11:30ean eta 20:00etan Alamedan.
  • Portugaleten, 20:00etan Carlos VII-n (metroa).
  • Urruñan, 19:00etan biribilgunean.

Iruñeko argazkiak: Ekinklik Argazkiak

EZ DAGO IRUZKINIK