Zazpigarren gose eta egarri greba eguna hasi du Patxi Ruizek, eta bigarren gose greba eguna Mikel San Sebastianek

Borrokaldiarekin aurrera jarraitzen duela adierazi du preso politiko txantrearrak. Giltzurrunetan min handia du, eta 10,5 kilo galdu ditu. Atzotik bi eguneko gose greban dago Mikel San Sebastian preso politikoa, Ruizekin elkartasunean. Janariaren bandejari uko egin dio hilaren 14tik. "Txapeoan" segitzen dute Ibai Aginagak eta Jon Kepa Preciadok, eta janariari uko egiten ari dira Dani Pastor, Oskar Barreras eta Asier Cotano. Bestalde, gose greban jarraitzen dute Ezkerraldeko hiru kidek eta Ondarroako hainbat pertsonak, eta barau-egunekin aurrera doaz Bilbon, Ezkerraldean nahiz Deustun. Gaur ere mobilizazioak izango dira Euskal Herriko kaleetan.
Argazki Nagusia
Ordizian atzo egin zuten elkarretaratzea. Argazkia: Ordiziako Gaztetxea
2020ko maiatzaren 17a

Patxi Ruiz preso politikoak zazpigarren eguna egingo du gose eta egarri greban, presoen eskubideen defentsan eta protesta gisara. AAEAMek atzo jakinarazi zuenez, Murtzia II kartzelako medikuak herenegun gauean artatu zuen Ruiz, greba hasi eta bost egunera. Dena den, oraindik ezin izan du konfiantzazko medikuekin harremanetan jarri.

Borrokaldiarekin aurrera jarraituko duela adierazi du txantrearrak. 10,5 kilo galdu ditu dagoeneko, eta giltzurrunean min handia nabaritzen hasia bada ere, tentsioa ondo duela baieztatu dute.

Txantreatik (Iruñea, Nafarroa) Murtzia II-raino joan ziren atzo preso politikoaren bi hurko, eta goizean bisitarik egiten utzi ez bazieten ere, arratsaldean izan ziren Ruizekin. Guardia zibilak zituzten zain espetxearen kanpoaldean, eta irten zirenean, jakinarazi zieten isunak ezarriko dizkietela "konfinamendua hausteagatik".

SAN SEBASTIAN, 48 ORDUKO GOSE GREBAN

Mikel San Sebastian preso politikoak 48 orduko gose grebari ekin zion asteburuan, Ruizekin elkartasunean. Maiatzaren 14tik egin dio uko janariaren bandejari. Ruizen modura, Murtzia II kartzelan dute preso.

Bestalde, borrokaldiarekin aurrera doaz Ibai Aginaga, Dani Pastor, Oskar Barreras, Aitor Cotano eta Jon Kepa Preciado preso politikoak ere. Zeldatik atera gabe jarraitzen dute Aginagak eta Preciadok, eta janariaren bandejari uko egiten ari dira Pastor, Barreras eta Cotano.

BIZKAIAN, 20 GREBALARI BAINO GEHIAGO

Ezkerraldean (Bizkaia) maiatzaren 12tik daude gose greban AAEAMeko hiru kide. Lau grebalarik hasi zuten elkartasun ekintza, baina osasun-arazoak medio, greba bertan behera utzi behar izan du batek. Uneotan, bi pertsona gehiago daude baraualdian, Ezkerraldeko lokal berean: 48 orduko baraualdia hasi zuten maiatzaren 15ean.

Bestalde, Ondarroan (Bizkaia) lau gaztek maiatzaren 14an ekin zioten grebari udaletxeko areto nagusian, eta maiatzaren 15ean, zortzi pertsona gehiago batu ziren, herriko beste lokal batean.

Lau gazteek azaldu dutenez, "Patxiren egoerari herrian oihartzuna ematea eta bere egoera aldatzeko mobilizazioak martxan ipintzea" zen haien asmoa. Aurreikusitako helburuak bete ostean", atzo gauean amaitutzat eman zuten udaletxeko ekintza, eta bertatik irten ziren. Bihartik aurrera, 48 orduko barauak egingo dituzte txandaka, eta haietaz gain, herriko gazte gehiago ere batuko dira ekimenera.

Bilbon (Bizkaia), aldiz, maiatzaren 15ean 48 orduko baraualdia hasi zuten sei pertsonak. Deustuko Armada Gorriari dagokionean, txandakako gose greba abiatu zuten egun berean: kideek 24 orduko barauak egingo dituzte, txandaka.

MOBILIZAZIO UGARI ASTEBURUAN

Elkartasun keinuak eta mobilizazioak ere aurrera doaz gurean. Atzo, besteak beste, Ordizian (Gipuzkoa), Donostian (Gipuzkoa), Ondarroan, Gernikan (Bizkaia), Abadiñon (Bizkaia), Bilbon, Amurrion (Araba), Altsasun (Nafarroa), Irunen (Gipuzkoa), Lekeition (Bizkaia), edota Baionan (Lapurdi) izan ziren elkarretaratzeak.

Igandea dugu gaur, eta momentuz, ondorengo deialdiak egin dituzte:

  • Algortan (Bizkaia), 20:00etan Oikosako zubian.
  • Astrabuduan (Bizkaia), 20:30ean Josu Murueta plazan.
  • Barrikan (Bizkaia), 20:00etan Elordui egoitzaren biribilgunean.
  • Berangon (Bizkaia), 20:00etan Getxora bideko biribilgunean.
  • Bermeon (Bizkaia), 12:00etan auto karabana.
  • Erromon (Getxo, Bizkaia), 20:00etan Xake enparantzan.
  • Lekunberrin (Bizkaia), 12:00etan plazan.
  • Iruñean, 20:30ean PSOEren egoitzaren aurrean.
  • Ondarroan, 20:00etan Alamedan.
  • Plentzian (Bizkaia), 20:00etan zubiaren ondoan.
  • Sopelan (Bizkaia), 20:00etan burnizko zubian.
  • Tolosan (Gipuzkoa), 20:00etan Triangulotik. Manifestazioa.
  • Urdulizen (Bizkaia), 20:00etan BBVAn.
  • Zaldibian (Gipuzkoa), 20:00etan plazan.
  • Zarautzen (Gipuzkoa), 20:00etan Munoatik. Elkarretaratze ibiltaria.
  • Zornotzan (Bizkaia), 20:00etan Patata inguratzera.
  • Zumaian (Gipuzkoa), 20:30ean Martxoak 8 plazan.

Bihar ere izango dira elkarretaratzeak; hala nola:

  • Baionan, 18:30ean Herriko Etxearen aurrean.
  • Bermeon, 20:00etan batzokiaren aurrean.
  • Bilbon, 20:30ean Etxebarrieta Anaien plazan.
  • Durangon (Bizkaia), 20:00etan Santanan.
  • Itsasu eta Kanbo (Lapurdi) arteko Alkiko biribilgunean, 19:00etan.
  • Ondarroan, 11:30ean eta 20:00etan Alamedan.
  • Portugaleten (Bizkaia), 20:00etan Carlos VII-en (metroa).