Patxi Ruiz preso politikoa, gose greban hamaseigarren egunez

AAEAMen esanetan, "ez dago aldaketa azpimarragarririk" preso politikoaren egoeran: aurrera doa gose grebarekin, eta berrogeialdia ezarri diotenez, kartzelako erizaindegian dago orain. Baraualdiekin, "txapeoekin" edota janariaren erretiluari uko egiten segitzen dute hainbat preso politikok. Kaleetan, aldiz, mobilizazio ugari izango dira gaurkoan ere.
Argazki Nagusia
Donostiako mobilizazioa larunbatean.
2020ko maiatzaren 26a

Gose grebarekin aurrera jarraitzen du Patxi Ruiz preso politikoak, Murtzia II espetxeko erizaindegian. Gaur, maiatzak 26, hamaseigarren eguna beteko du gose greban. Aurretik, gainera, egarri greban ere egon da hamabi egunez. AAEAMek adierazi duenez, "ez dago aldaketa azpimarragarririk bere egoeran".

Duela bi astetik, Ruizek hasitako borrokaldiarekin bat egin dute hainbat preso politikok:

  • Atzo, hilak 25, janariaren erretiluari uko egin zion Iñigo Zapirainek Madrid VI-Aranjuez espetxean.
  • Hilak 23an bost eguneko gose grebari ekin zion Mikel San Sebastianek (Murtzia II). Laugarren eguna da gaur.
  • Hilaren 22an "txapeoa" hasi zuen Lola Lopezek (Brieva).
  • Hilaren 19tik, janariaren bandejari uko egin diote Alberto Viedmak eta Iñaki Krutxagak (Almeria). Saioa Sanchezek eta Itziar Morenok (Rennes) barau-egunei ekin zieten, txandaka. Gaur, Morenoren txanda da. Bestalde, egun berean, aldizkako baraualdiei heldu zien Orkatz Gallastegik (Castelló I) ere.
  • Hilaren 18tik janariaren erretiluari uko egiten ari dira Irantzu Gallastegi (Huelva) eta Iñaki Etxeberria (Topas, Salamanka).
  • Hilaren 14tik, ziegatik irteteari uko egin dio Jon Kepa Preciadok (Kordoba).
  • Hilaren 12tik, "txapeoan" dago Ibai Aginaga (Sevilla II) eta janariaren erretiluari ezezkoa ematen ari dira Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano (Puerto III).

GAURKO MOBILIZAZIOAK

Gaurko ere mobilizazio ugari deitu dituzte Euskal Herriko hamaika txokotan, Ruizekin eta hark abiatutako borrokaldiarekin elkartasunean. Hona hemen momentuz jakinarazi dituzten deialdiak:

  • Algortan (Bizkaia), 20:00etan Txiki eta Otaegi plazan.
  • Altsasun (Nafarroa), 20:00etan plazan.
  • Baionan (Lapurdi), 17:30ean.
  • Berangon (Bizkaia), 20:00etan frontoiaren aurrean.
  • Bilbon (Bizkaia), 20:00etan Arriaga plazatik. Manifestazioa izango da.
  • Donostian (Gipuzkoa), 20:15ean Bulebarrean.
  • Durangon (Bizkaia), 20:00etan Santanan.
  • Erromon (Bizkaia), 21:30ean Xake enparantzan.
  • Etxarrin (Nafarroa), 20:00etan plazan.
  • Hernanin (Gipuzkoa), 20:30ean Gudarien plazan.
  • Hondarribian (Gipuzkoa), 19:00etan San Pedro kalean.
  • Lekeition (Bizkaia), 20:00etan Abadeen Moilan.
  • Mutrikun (Gipuzkoa), 20:00etan errotondan.
  • Urruñan (Lapurdi), 19:30ean biribilgunean.
  • Zornotzan (Bizkaia), 20:00etan Patatan.

BARAUALDIAK

Karriketako mobilizazioekin batera, elkartasun ekintza modura, gose grebak abiatu dituzte Euskal Herriko hamaika tokitan. Uneotan, ondorengoa da egoera baraualdiei dagokienean:

  • Deustuko Armada Gorriko kideek txandakako barau-egunak egin dituzte hilaren 15etik, eta hamar egunen ostean, atzo eman zuten bukatutzat dinamika.
  • Igandean, hilak 24, 24 orduko barau eta itxialdi dinamika jarri zuten martxan Txantrean (Iruñea, Nafarroa). Bestalde, bost gaztek txandakako barau-egunei ekin zieten Urruñan, eta bost egunez luzatuko dute ekimena.
  • Larunbatean, hilak 23, Ezkerraldean (Bizkaia) AAEAMeko hiru kidek bukatutzat eman zuten gose greba. Hamaika eguneko baraualdia izan da.
  • Hilaren 20an, Etxarriko Gazte Asanbladako kideek txandakako 48 orduko barauak hasi zituzten, binaka.
  • Hilaren 19an, txandakako 48 orduko barauei ekin zieten Altsasun (Nafarroa). Uneotan, bost lagun daude txandan. Egun berean bi pertsonak gose greba hasi zuten Etxarrin (Nafarroa), eta gaur, zortzigarren eguna izango dute. Hilaren 21ean, hirugarren pertsona bat batu zen.
  • Ondarroan (Bizkaia), 48 orduko txandakako gose grebei amaiera eman zieten joan den ostiralean buruturiko giza-katearekin. Guztira, 18 kidek parte hartu dute. Horrez gain, mobilizazioak eta fax bidalketa masiboa egin dituzte azken egunetan; orotara, 200 pertsona inguruk hartu dute parte fax bidalketan.