AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @TolosaldekoGF
2020/12/18 14:56

Atzo, abenduaren 18an, Tolosako Gazte Asanbladako kide bat epaitu zuten Ezpala gaztetxearen okupazioaren harira. Goizean, Tolosako (Gipuzkoa) epaitegiaren parean hainbat pertsona elkartu ziren auzipetuari babesa eta elkartasuna adierazteko. Iluntzean, berriz, elkarretaratze jendetsua egin zuten Tolosaldeko Gazte Fronteak (TGF) deituta, epaiketa bera salatzeko eta eskualdeko hainbat eragilek espazio baten beharra dutela aldarrikatzeko.

Auzipetuari leporatzen diote Ezpala gaztetxea kokatzen den eraikina okupatzea eta hari kalteak eragitea, baina TGFk jakinarazi zuenez, atzokoan haren absoluzioa eskatu zuen fiskalak. Eraikinaren jabeak, gainera, onartu egin zuen epaituari gutxieneko zigorra ezartzea egozten zitzaizkion delituetako bategatik.

TGFko kideek adierazi zuten epailearen sententziaren zain egongo direla orain eta "aukera handia" dagoela prozesua bide zibiletik irekitzeko. Hala, Tolosaldeko Ataria-ri azaldu berri diotenez, luzerako jo dezake bide horrek eta "aukera egon daiteke negoziazio bide berriak zabaltzeko". Nolanahi ere, gaur-gaurkoz, "gaztetxetik desalojatuak izateko arriskua handia" dela ekarri zuten gogora.

Mobilizazioen deitzaileen esanetan, Tolosaldean eragile asko dira haien eguneroko jarduna Ezpala gaztetxean gauzatzen dutenak; horrenbestez, eskualdean halako espazio bat izatea haientzat ezinbestekoa dela nabarmendu zuten. Eragile askorentzat askotariko ekimenak egiteko erreferentziazko eraikina dela ere azaldu zuten. Hortaz, "prozesu judizialak dakarren egoeraren larritasuna ikusirik", Tolosan, antolatu ahal izateko espazio bat bermatuta izateko borrokan jarraituko dutela zioten.

BESTE HAINBAT ESPAZIO MEHATXUPEAN

Tolosako gaztetxea ez da Euskal Herrian huste mehatxupean dagoen langile kontrolpeko espazio bakarra. Adibidez, urtarrilaren 11n egitekoa da Errotxapeako Gaztetxearen (Iruñea, Nafarroa) aurkako epaiketa, eta desalojo arriskuan daude Legutioko (Araba) Desjabetuon Hotela nahiz Bilboko (Bizkaia) Etxarri II gaztetxea ere.