AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Atzoko mobilizazioa, Desjabetuon Hotelera bidean.
2020/10/18 16:50

Atzo arratsaldean Legution (Araba) mobilizatzera dei egin zuten Desjabetuon Hoteleko kideek. Irailaren 28an jarri zuten martxan langile kontrolpeko espazioa defendatzeko kanpaina; izan ere, eraikinaren jabe den Lerimonte S.L. enpresak jarritako salaketa dela eta, espazioa husteko agindua hilabeteko epean gauzatu zitekeela jakinarazi zuten. Desjabetze arriskuaren aurrean, ehundik gora lagun elkartu ziren atzo Legution, Desjabetuon Hotelari "klase elkartasuna" adierazteko.


Plazatik hasi zen mobilizazioa, eta herriko kaleetatik igarota, birjabetutako eraikinaren aurrean elkartu ziren manifestariak. Bertan, Desjabetuon Hoteleko kideek argi utzi zuten "euren proiektua ez dutela merke salduko". Bestetik, "herriko zein herrialdeko militantzia sozialistak proiektuan egindako lanari" egin zioten azpimarra, eta "klase elkartasuna praktikan jartzeko eta langile kontrolpeko espazioak defendatu ahal izateko mekanismoen sorrera eta mantenua" aldarrikatu zituzten.


9 hilabetez autodefentsa proletarioa antolatzen


Legutioko mugimendu sozialistak joan den abenduan birjabetu zuen 15 urte hutsik zeramatzan hotela. Ordutik, "proiektu sozialista indartzeko" eta "klase elkartasuna antolatzeko" espazioa izan da Desjabetuon Hotela.


Euskal Herri osoko mugimendu sozialistarentzat erabilgarri izango zen proiektua gorpuztu dute bertan azken hilabeteetan. Esaterako, bertan egitekoa zen Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleakek antolatutako bigarren Gazte Sozialisten Topagunea. Besteak beste, Desjabetuon Hoteleko kideek lehen mailako elikagai eta produktuen bankua ere eraman dute aurrera espazio horretan.


"Langile kontrolpeko espazioen beharrezkotasuna" nabarmendu dute azkeneko asteetan, "eraiki nahi dugun bidean pauso errealak emateko baldintza direlako".


Etxarri II gaztetxea babesteko deia


Era berean, atzoko mobilizazioan aipamena egin zioten Errekaldeko (Bilbo, Bizkaia) Etxarri II gaztetxearen egoerari, hura ere desalojo arriskuan baitago. Horren harira, Indarrak batu, Etxarri gaztetxea defendatu elkartasun kanpaina abiatu dute gaztetxeko kideek, eta dinamikaren baitan, ostegunerako, hilak 22, elkarretaratzera deitu dute Errekaldeko plazan. Deialdiarekin bat egin dute Desjabetuon Hoteleko kideek, eta bertan egongo direla adierazi.

EZ DAGO IRUZKINIK